Albisteak

Euskararen Nafar Kontseilu berriak lehen bilera egin du

2018-05-23

Ordezkari-kopurua handitu du 22tik 33 kontseilukidera

 Euskararen Nafar Kontseilu berriak lehen bilera egin du gaur goizean, 33 kiderekin (lehen 22 zituen). Martxoan onartutako egitura berriari Ana Lujanen izendapena gehitu behar zaio, Nafarroako Parlamentuak izendatua. Egitura berria kide anitzeko organoen analisiaren bidez ezarritako irizpideetan oinarritzen da; analisia gobernuak berak egin zuen 2016ko urrian.

Gaurko bileran, 2017ko jardueren memoria aurkeztu dute. Halaber, Euskararen Lehen Plan Estrategikoaren aplikazioaren berri eman dute, eta Planean jasotako ardatz ezberdinak 2017an zenbateraino bete diren azaldu dute.

Nafarroako Herri Administrazioetako euskararen erabilera arautzen duen 103/2017 Foru Dekretuaren esparruan, Nafarroako Gobernuaren Departamentu ezberdinetako plangintza-lanen hasieraren berri eman dute (dekretuko 6. artikuluan jasotzen direnak). Ondorengo departamentuak nahiz Enpleguaren Nafarroako Zerbitzua eta Turismoko Zuzendaritza Nagusia jada hasi dira plangintzak egiten, diagnostikoan eta plazen komunikazio-premietan oinarrituta: Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanak; Osasuna; Hezkuntza; Kultura; Landa Garapena, Ingurumena eta Toki Administrazioa; Ogasuna eta Finantza Politika.

Bileran, Euskaraldia abian jartzeko Topagunearekin sinatutako hitzarmena landu dute; baita ere, toki-mailan proiektua aktibatzeko egingo diren kudeaketak eta aurrera eramateko behar diren baliabideak. Azpimarratu behar da akordioa Euskararen Plan Estrategikoan, hizkuntzaren erabilera-eremuan, jasotako helburuetan kokatzen dela, eta hiztunek arlo sozial guztietan erabiltzea errazten du.

Euskararen Nafar Kontseiluaren funtzionamendua hobetzeko asmoarekin, lana aurreratzeko Lan Batzordeak osatuko dira, eta funtzio berriak gehituko zaizkie; hala nola, Euskararen Plan Estrategikoaren garapenari eta betetzeari buruzko informazioa ematea eta Lan Batzordeek egindako proposamenak eta txostenak aztertzea; horien emaitzak osoko bilkuran aztertuko dira. Bilkura honetan, ondorengo batzordeak proposatu dituzte:

Helduei euskara Irakasteko Batzordea.

Euskararen erabilera soziala aktibatzeko Batzordea, erabilera sozialerako neurriak eta herri administrazioetakoak aztertzearren.

Euskararen ospea hobetzeko Batzordea, gizartearen proposamenak integratze aldera.

Eurogutunaren txostenari buruzko informazioa ere eman dute; dagoeneko bidali zaio Espainiako Gobernuari.

Azkenik, Espainiako Gobernuak jadanik Europako Kontseilura bidali duen seigarren txostenari buruzko informazioa eman dute, espainiar estatuan eurogutuna aplikatzea ebaluatzeari buruzkoa. Ildo horretan, Adituen Batzordea bitartekari ezberdinekin udazkenean biltzea aurreikusten da, ebaluazio horren edukia azter dezaten.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora