Albisteak

Euskararen lurralde guztietako gaztetxoak bilduko dituen udalekuak antolatuko dituzte Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak

2024-03-15

Udalekuak 9 eta 15 urte bitarteko haur eta gazteei zuzenduta daude, eta uztailean bi txandatan egingo dira

Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Euskaren Erakunde Publikoak Hiruko Itunaren barnean euskararen lurralde guztietako gaztetxoentzako udalekuak antolatuko dituzte. 
2017. urteaz geroztik euskararen sustapenari buruzko lankidetza ituna, Hiruko ituna hain zuzen ere, adostua dute Nafarroako Gobernuaren Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Euskararen Erakunde Publikoak. Itunean jasotako jardueretako bat mugaz gaindiko egonaldiak dira. Hori horrela, aurten Ikusika udalekuak antolatu dira “Egin udari zirika!” lelopean eta Ondarroan egingo dira bi txandatan: uztailaren 7tik 13ra eta uztailaren 15etik 24ra. 

Udalekuek Nafarroako, EAEko eta Iparraldeko gaztetxoak bilduko dituzte. 7 eta 10 eguneko 2 txandatan egingo dira, aukeran, adinaren arabera. Lehenengo egonaldia 9 eta 12 urte bitartekoentzat izango da eta 7 egunez luzatuko da, uztailaren 7tik 13ra. Bigarren egonaldia 13-15 urte bitartekoentzat izango da eta 10 egunez luzatuko da, uztailaren 15etik 24ra. Bi kasuetan, prezioa 110 eurokoa izango da.

Txanda bakoitzean 60 gaztetxok hartuko dute parte. Plazen heren bat Nafarroako gaztetxoentzat gordeko da, beste heren bat Euskal Autonomia Erkidegokoentzat eta beste herena Iparraldeko gaztetxoentzat. Plaza kopurua mugatua denez, zozketa bidez esleituko dira. 

Izen ematea www.ikusika.eus atarian egingo da: Hegoaldekoek martxoaren 15etik apirilaren 12ra egingo dute, eta Iparraldekoek martxoaren 15etik martxoaren 26ra. Zozketa berriz, Hegoaldean  apirilaren 16an egingo da eta Iparraldean martxoaren 27an. Mezu bidez jasoko dute emaitzaren berri izena eman duten guztiek.

Udaleku hauen helburu nagusia da euskaraz mintzatzen den hiru lurraldeetako gaztetxoek eguneroko komunikazioan eskola-eremutik kanpo erabiltzea eta, bizipen ludiko eta gozagarrien  bidez, euskararekiko haien atxikimendua handitzea.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora