Albisteak

Euskararen I. Plan Estrategikoaren arloen ehuneko 85 garatu du Nafarroako Gobernuak 100 ekintza baino gehiagorekin

2020-03-09

Planaren ebaluazioak Bigarren Plan Estrategikoaren oinarriak ezartzen ditu, prozesu parte-hartzaile zabal baten bidez euskararen inguruko adostasun sozial eta politiko handiagoa bilatuko duena

Nafarroako Gobernuak 2016-2019 Euskararen I. Plan Estrategikoaren ebaluazioa aurkeztu du gaur goizean, zeinaren helburu espezifikoen %97, eremuen %85 eta ekintzen %66 landu diren.

Hala azaldu dute gaur goizean Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak eta Mikel Arregi Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak, planaren ebaluaziotik ateratako ondorio nagusiak aurkeztu dituzten prentsaurrekoan. Prentsaurrekoan ere, Euskararen II. Plan Estrategikoa garatzeko departamentuak hasi dituen lanak azaldu dituzte ere.

Lehenengo plana zazpi ardatz estrategikotan banatzen zen, helburu espezifiko zehatzak jasotzen zituztenak, lan-esparrutan eta horiek garatzen zituzten ekintza espezifikoetan. Horrela, Planaren 29 helburuetatik 28 landu dira, 68tik 58 arlo zehatzetan, 112 ekintza espezifikoen bidez. Esteka honetan kontsulta daiteke ebaluazioa.

Ebaluazioaren aurkezpenean, Ollo kontseilariak gogorarazi nahi izan du lehen aldia dela Nafarroako Gobernuak bere hizkuntza-politikaren ekintzak eta helburuak modu planifikatu eta ordenatuan paper gainean jarri zituela. Eta hala egin zuen, "Eredu estrategiko propio baten bidez, 80.000 nafar euskaldunen behar eta eskubideei erantzuteko helburuarekin".

Aurrekontu igoera eta euskaldunak

Aurkezpenean zehar, Ollo kontseilariak eta Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak, Planaren barruan egin diren zenbait ekintza nabarmendu nahi izan dituzte. Aurkeztu diren zifra nagusien artean, esan daiteke 2016tik 2019ra gora egin duela euskaraz ondo dakiten 16 urteko eta gehiagoko nafarren kopuruak: 2016an 69.000 (% 12,9) ziren, eta 2019an, berriz, 76.000 (% 14,1).

Gainera, euskara ikasten ari ziren nafar helduak 4.868 ziren 2015-2016 ikasturtean eta 5.213 izan dira 2019an. Nafarroako Gobernuak 2017tik euskara ikasteko ematen dituen helduentzako bekak, berriz, 650 herritarrek jaso zituzten 2018an, eta 950 herritarrek, ordea 2019an. Gainera, Euskarabidearen aurrekontua 4,2 milioi eurokoa izatetik 7,3 milioi eurokoa izatera igaro da lau urtean.

Ebaluazioa

Ebaluazioa Planaren sei ardatz nagusietan banatzen da. Lehenengoan, erabilera sozialari buruzkoan eta helburu estrategikotzat zuena euskararen erabilera areagotzea, hiztunei gizarte-esparru guztietan erabilera erraztuz, hasieran planteatutako 19 eremuetatik 18 landu dira, Planean jasotzen ziren %64 osatzen duten hogeita hamar ekintzatan. Ardatz horren barruan, honako hauek dira ekintza aipagarrienak: Euskarabidearen lan-ildoen bidez euskararen erabilera sustatzeko diru-laguntzen gorakada nabarmena; Euskaraldia abian jartzeko Topagunea euskara elkarteen federazioarekin egindako hitzarmena; euskarazko kultura digitala sustatzeko "Sarean Euskaraz" jardunaldiak finkatzea; eta haurren eta gazteen aisialdian hizkuntza hori sustatzea.

Bigarren ardatzaren helburu espezifikoak, hiztun berriei buruzkoa eta hiztun kopurua handitzea helburu estrategiko gisa finkatzen zuena, bere osotasunean landuak izan dira, 16 eremu eta 33 ekintzatan. Egindako ekintza nagusien artean, honako hauek nabarmentzen dira: helduen artean euskara ikasteko diru-laguntzak handitzea; euskaraz eskolatzea edo familiaren bidez euskara transmititzen laguntzea.

Zerbitzu publikoei buruzko hirugarren ardatzari dagokionez, helburu estrategikoa administrazio publikoak zerbitzua euskaraz eskaintzeko gaitzea zen. Helburu espezifikoen %73 landu da 18 ekintzatan. Aipatzekoak dira administrazioaren atal ezberdinen trebakuntza, Prestakuntza sailak eta itzulpengintza atalak egindako lana eta 4 toki-erakundetan euskara-zerbitzu berriak sortzea.

Prestigioa eta erakargarritasuna ardatz dituen lan eremuan, euskara gizartearen balio positiboei lotzeko helburu nagusiarekin planifikatu zena, ekintza espezifikoen %55 landu dira bederatzi lan esparruren barruan, hau da, horien %82. Testuinguru horretan, honako ekintza hauek nabarmentzen dira: Komunikazio kanpainak, Fontes Linguae Vasconum aldizkariaren 50. urteurrenaren ospakizuna, "Navarroroum" erakusketaren ibiltaritza edo "arnasa Gara" kanpainan parte hartzea udalerri euskaldunetan.

Esparru ekonomikoa izan da bosgarren ardatzaren helburu nagusia, eta garapen eta gauzatze maila txikiena duena. Aurreikusitako 6 eremuetatik 4tan, ekintzen %36 landu da. Horien artean, nabarmentzekoa da enpresetan euskara sustatzeko laguntza deialdi bat sortzea edo euskararen egoera eta potentzial ekonomikoari buruzko azterketa egitea.

Azkenik, seigarren ardatzak, hizkuntza-esparruari buruzkoa, honako helburu estrategiko hau zuen: Planaren helburuak betetzea ahalbidetuko zuen araudia garatzea, erakundeen arteko lankidetzan sakontzea eta hizkuntza-plangintza ahalbidetuko zuten datuak lortzea. Garatutako araudia nabarmentzen du, baita euskararen egoerari buruzko diagnostiko eta azterlan desberdinak, Euskararen Nafarroako Kontseiluaren berrikuntza edo Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, Topagunea, Hiruko Ituna edo antzeko erakundeekin sinatutako hitzarmenak edo NPLD europako sarean parte hartzea.

Prozesu partehartzailea eta

Gaur aurkeztutako ebaluazioak Euskararen II. Plan Estrategikoa garatzeko oinarriak ezartzen ditu. Egungo Nafarroako Gobernua sostengatzen duten lau indarrek sinatutako Programa Akordioan jasotako konpromisoa da, eta prozesu ireki eta parte-hartzaile zabal baten bidez landuko da. Bertan, herritarren ekarpenez gain, sektore estrategikoekin, alderdi politikoekin, tokiko erakundeekin edota euskalgintzarekin elkarrizketa-mahaiak izango dira.

Bigarren planak 2020-2027 aldia hartuko du, plangintza eta ebaluazio-tresnak errazteko. Prozesu parte-hartzailea datozen asteetan hasiko da, eta, aurreikusita dagoenaren arabera, Plana urtea amaitu baino lehen onartuko da, zirriborroak jendaurrean jarri eta Euskararen Nafarroako Kontseiluak igortzen dituen txostenak kontutan hartu eta gero.

Prozesu horri buruz, Ollok azpimarratu du Euskarabideak "esperientzia handia" hartu duela, "Plangintza estrategikoarekin jarraitzeko aukera emango diguna, bigarren plan baten bidez. Parte-hartze prozesu zabal batean oinarrituko da, eta bertan gizartearen, alor politikoaren eta elkarteen hainbat eragile inplikatuko ditugu, euskara eztabaida alderdikoitik eta konfrontaziotik behingoz urrunduko duen akordio zabal baten bila".

Azkenik, kontseilariak azaldu du gazteriari begira egingo dela plana, "Gero eta euskaldunagoa den sektore honi zuzendutako ekintza espezifikoekin, euskara teknologia berrien esparruan txertatuz. Egingo dugu, hori bai, euskaldun berriak ahaztu gabe, eta horiei gure hizkuntza ikasteko aukerak eskaintzen jarraituko dugu".

facebook
0
twitter

Atzera
Gora