Albisteak

Euskararen arloan digitalizazioa sustatzearen aldeko apustua egin du Ollo kontseilariak, hizkuntzaren ekonomia berriko PERTEren bidez

2022-06-14

Nafarroako Gobernua eta Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalaren Ministerioa proiektu estrategiko horietan parte hartzeko bideak aztertzen ari dira Madrilen

Nafarroako Gobernuak, Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalaren Ministerioarekin batera, hizkuntzaren ekonomia berriko PERTEn parte hartzeko izan ditzakeen bideak aztertu ditu Madrilen egindako topaketa batean.

Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak eta Mikel Arregi Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak bilera bat egin dute Cristina Gallachekin, Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalaren Ministerioko Hizkuntzaren Ekonomia Berrirako Aliantzako komisionatuarekin, Espainiako Gobernuak gai horri buruz onartu zuen Ekonomia Berreskuratzeko eta Eraldatzeko Proiektu Estrategikoan (PERTEn) autonomia-erkidegoek parte hartzeko ezarritako esparrua batera aztertzeko. PERTEren guztizko funtsa 1.100 milioi eurokoa da.

Ekimen hau lankidetza publiko-pribatuan oinarritzen da, eta 2021-2026 aldia hartzen du. Helburua hizkuntzak eraldaketa digitalaren trakzio-elementu bihurtzea eta ezagutzaren eta adimen artifizialaren ekonomia berriaren balio-kate osoa bultzatzea da. Era berean, itzulpenaren, ikaskuntzaren, kultura-dibulgazioaren, ikus-entzunezko ekoizpenaren, ikerketaren eta zientziaren arloetan nazioarteko lehiakortasunaren eta hazkunde ekonomikoaren faktore gisa duen potentziala aprobetxatzeko aukera gisa planteatzen da.

Bileran, Ollo kontseilariak "gizarte eleaniztunaren" aldeko apustua egin duela adierazi dio Gallachi, eta "euskara eremu horietan sustatzeko administrazioen arteko ekintza bateratuaren garrantzia" azpimarratu du.

Ildo horretan, gogorarazi du euskara "egungo aktiboa dela, eta berrikuntzari, garapenari eta ingurune globalizatuari lotutako etorkizunera proiektatzen dela". Gaineratu duenez, "hizkuntza hau bizikidetzarako eta gizarte-kohesiorako faktore bat izateaz gain, mundura irekita dago, gizarte gisa dugun balioa biderkatzen du eta aukeraz eta indargunez betetako etorkizuna du, baita ekonomiaren arloan ere".

Bi erakundeek konpromisoa hartu dute hainbat ministerioren bidez euskararen corpusaren digitalizazioan aurrera egingo duten proiektuetan lan egiteko, erakunde pribatuekin eta unibertsitateekin lankidetzan arituz, bai eta gazteentzako edo euskarazko hedabideentzako ekintzak sustatuz ere.

Trantsizio digitala

Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalaren Ministerioak abian jarri zuen ekintza-ildo hau, zeinak sektore gako eta sortuberrien bultzada eta ekonomia digitalerako trantsizioa bateratzen baititu. Helburua Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planean ezarritako hainbat helbururi laguntzea da, eta xede horiek ekonomiaren eta enpleguaren hazkunde adimentsu, iraunkor eta inklusibora, eraldaketa digitalaren, lehiakortasunaren eta lurralde-mailaren sustapenera, eta Estatuaren kohesiora bideratuta daude.

Proposatutako gobernantza-eredua lankidetza publiko-pribatu estuan oinarritzen da, Hizkuntzaren Ekonomia Berrirako Aliantzaren bidez artikulatua, hainbat eragile batzeko asmoz. Helburua inbertsio publikoak eta pribatuak mobilizatzea da gaztelaniaren eta hizkuntza koofizialen balioa maximizatzeko mundu-mailako eraldaketa digitaleko prozesuan, administrazio publikoen, unibertsitateen, ikerketa-zentroen, enpresen eta industrien ekintza koordinatuaren bidez.

PERTEk kontsulta-kontseilu bat du, hizkuntzaren sustapenarekin eta digitalizazioarekin lotutako kulturaren, zientziaren eta teknologiaren arloko pertsona ospetsuek eta erakunde garrantzitsuek osatua. Guztira 14 proiektu traktore biltzen ditu, eta funtsezko hainbat printzipioren inguruan egituratzen da, besteak beste, lurralde-egituraketa eta digitalizazio integratzailea, humanismo teknologikoan eta genero-berdintasunean oinarritua.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora