Albisteak

Euskaraldiaren II. edizioa aurkeztu dute Nafarroan, non 2018an 20.000 nafar baino gehiagok eta 75 herrik parte hartu zuten

2019-11-23

Ollo kontseilariak erakundeen eta euskalgintzaren arteko harreman normalizatuen garrantzia aipatu du aurkezpenean

Euskaraldiaren II. edizioaren aurkezpen ekitaldian parte hartu du gaur goizean Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak. Ekimenean, 2018an 22.190 nafarrek parte hartu zuten, 75 herri, bailara edo auzoekin batera.

Aurkezpen ekitaldian egon dira ere Euskarabideko zuzendari kudeatzailea Mikel Arregi; Topaguneko Nafarroako koordinatzailea, Oskar Zapata; eta erakunde honen lehendakaria, Kike Amonarriz, erakunde, alderdi politiko eta Nafarroako herri ezberdinen ordezkariekin batera.

Aurkezpenean, Ollo kontseilariak lankidetzari garrantzia eman nahi izan dio. “Esparru guztietan bezala, ezinbestekoa zaigu lankidetza eta elkarlana euskara sustatzeko bidean”. Gogoratu du duela gutxira arte, elkarlan normalizatua erabat ezinezkoa zela. “Altxor bat konpartitzen dugu guztiok, euskara, eta horren alde egin behar dugu indarrak batuz, bizilagunak ditugun herrialdekin, beste erakundekin edo euskara sustatzen jarduten diren entitatekin”

Amaitzeko, aurtengo Euskaraldiak eremu digitalean ezarriko dituen berrikuntzak aipatu nahi izan ditu. “Nafarroan gazteen %25a da euskalduna eta argi erakutsi behar diegu bere eremu naturalean, teknologia eremuan, euskaraz egin dezaketela”.

Mikel Arregi Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak, aldi berean, Euskaraldiaren helburuek Euskararen Lehen Plan Estrategikoaren helburuekin bat egiten dutela aipatu du. “Euskararen erabilera aktibatzea lehenengo planaren helburu nagusietakoa zen. Plana amaituta, bigarrenean jarriko gara lanean eta Euskaraldia bezalako ekimenekin batera, euskara geroz eta gehiago erabiltzearen aldeko ekintzak garatuko ditugu”.

Oskar Zapatak azaldu du Euskaraldiarekin, Hizkuntza ohiturak aldatzeko Iraultza txiki bat eragin nahi dugu Euskaralduarekin noski. Bestalde, aurreko edizioan Nafarroan 75 euskaraldia batzordeak sortu ziren ekimena antolatzeko eta 22.500 ahobizi eta belarriprest izan ginen Nafarroan zehar. Amaitzeko, Kike Amonarriz, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak gogoratu du “lehen Euskaraldiak zabaldu zuen komunitate zentzua hurrengoan sendotu egin nahi dugu, eta herriz herri sortutako indar hori egonkortzen saiatuko gara. Benetan aukera ederra da Auzolanean ilusioz aritzeko eta emaitzarekin gozatzeko”.

Ariguneak, nobedade nagusia

Aurtengo edizioaren nobedade nagusien artean Ariguneak deituriko eremuak dira. Hau da,  entitate barruan euskaraz aritzeko guneak; euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen dute uneoro, izan entitate barruan edo izan entitateak herritarrekin duen harremanean. Talde hauetako kideek ahobizi eta belarriprest modura jardungo dute Euskaraldiak iraungo duen 15 egunetan, baina ariketa modu kolektiboan gauzatuko dute ariguneetan.

Ariguneak dituen entitateen kasuan, antolakuntzaren baitako kideen parte hartzea ahalbideratu eta sustatzea izango da entitatearen egiteko nagusia, baita arigune horiek babesteko neurriak hartzea ere. Horregatik azpimarratu da entitateak sustatzaile izatetik funtzio garrantzitsua duten eragileak izatera pasako direla bigarren edizioan.

Oharra: Prentsa-ohar honekin batera zabaldutako dossierrean aurkitu ahal izango dituzue Euskaraldiaren bigarren edizioan berrikuntza izango direnen gako nagusiak.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora