Albisteak

Euskaraldia. Hitzez ekiteko garaia

2022-11-18

  Gaur hasiko da hirugarren Euskaraldia. Milaka izanen dira ahobizi edo belarriprest txapa jantzi eta kalean, lanean, lagunartean, etxean, aisialdian eta bestelakoetan gure hizkuntza ohiturak astinduko dituztenak.

Hitzez ekiteko garaia heldu dela dio aurtengo leloak eta hori egitera gonbidatu nahi ditugu Nafarroako Gobernutik herritarrak. Ahobiziak euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz eginez une oro, eta solaskideak ulertzen ote duen ez dakienean ere lehen hitzak euskaraz eginez. Belarriprestak, aldiz, euskaraz noiz eta norekin egin erabakiko ahal izango du, baina beti argi adierazita dakitenek berari euskaraz egitea nahi duela.

Ehunka dira herrietako eta auzoetako ariguneak: okindegiak, tabernak, elkarteak, kirol taldeak, administrazioaren arreta zerbitzuak…. Hurrengo 15 egunotan bertan euskaraz lasai aritzeko gonbidapena egin digute, beraz, probes dezagun!

Euskaraldiak, gainera, abagune ederra eskaintzen digu gure hizkuntza ohituren inguruan hausnartu eta urrats berriak irudikatzeko. Norekin, noiz eta non saiatuko gara elkarrizketak euskarara ekartzen? Bi aste ditugu hitzez ekinda lorpen berriak izateko. Lorpen txiki, ertain eta handiak. Denak nahi ditugu inertziak aldatzeko.

Zutabe anitzeko egitasmoa da Euskaraldia, erakundeen eta norbanakoen elkarlanaren erakusle. Azkeneko hilabeteetan Nafarroako herri, auzo eta eskualde guztietan lanean ibili diren batzordeen lana goraipatu nahi dugu.

Euskaraldiaren aurreko bi edizioetan egindako ikerketek erakutsi dute ahobizi edo belarriprest modura identifikatzeak asko lagundu duela hizkuntza ohituren aldaketetan eta, horregatik, ariketan zehar txapa erabiltzeko gonbitea egiten dizuegu.

Hitzez ekiteko garaia heldu da.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora