Albisteak

Euskarak berariazko plan bat izango du haren ikasketa eta erabilera gizarteko arlo guztietan sustatzeko

2016-10-21

Gobernuak ekarpenak egiteko zabalik dagoen dokumentu bat prestatu du, eta Ollo kontseilariak aurkeztu du gaur

Nafarroako Gobernuak jendeari 2016-2019ko hizkuntza politikaren plan estrategikoan parte hartzeko aukera emango dio: haren bidez, hizkuntzaren ikasketa sustatu eta erraztu nahi da gizarteko sektore guztietan, bai eta haren erabilera soziala sustatu eta zabaldu ere. Ekarpenak egiteko epea azaroaren 21era arte zabalik izango da.

Horretarako, zazpi ardatz estrategiko proposatzen ditu: euskararen erabilera soziala harreman informaletan nahiz hedabideetan, merkataritzan eta aisialdiko jardueretan; bizitzaren etapa guztietan ikastea; zerbitzu publikoetan ezagutzea eta erabiltzea; balio positibo eta prestigioko balio modura kokatzea; Nafarroako motor ekonomiko gisa duen ahala; erregulazio ofiziala izatea, eta Euskarabidea Plan honen helburuekin lerrokatzea.

Plan honen hasierako bertsioa (abenduan onartzea aurreikusten da) gaur goizean aurkeztu du Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok, eta Mikel Arregi, Euskarabideko zuzendaria. Hainbat arlotako 60 bat ordezkarik parte hartu dute: euskarazko hedabideak, euskararen sustapenean inplikatutako erakunde sozialak, hezkuntza-sektorea (unibertsitateak, helduen irakaskuntza, zentroetako zuzendariak), administrazio publikoak, eta enpresa nahiz eragile kulturalak, besteak beste.

Proposamen hau eskuratu ahalko da eta ekarpenak egin Gobernu Irekiko atariaren bidez. Gainera, Plana azaltzeko Foru Komunitateko sei udalerritan aurkezpenak egingo dira honako egun hauetan: urriak 24, Tafallan eta Iruñean; urrian 25, Leitzan eta Zangozan; 26an, Lizarran eta 27an, Tuteran.

Halaber, sektoreko bost bilera programatu dira, eta bertan honako esparru hauek aztertuko dira: elkartegintzako mundua eta hedabideak (azaroak 7), administrazioa (azaroak 7), hezkuntza (azaroak 8), kultura (hilak 8) eta sozio-ekonomia (hilak 9). Haiek guztiak azaroaren 7tik 9ra egingo dira INAPen egoitzan, Iruñean.

Euskararen erabilera soziala eta ikasketa sustatzea

Planaren helburu nagusietako bat euskararen erabilera soziala areagotzea da, ulertzen dutenen baina normalean hitz egiten ez dutenen artean bereziki, bai eta euskaraz eskolatutako gazteen artean ere; horretarako, garrantzitsua jotzen da hizkuntz horretako hedabideen eskaintza zabaltzea, aisialdiko jarduerak eta kultur eskaintza handitzea, bai eta euskararen erabilera saltokietan, zerbitzuetan eta enpresetan zabaltzea ere.

Beste ardatz estrategikoetako bat ikasketan oinarritzen da, herritar guztiek hori egiteko aukera izan dezaten, hala egin nahi duten familiei seme-alabak euskaraz eskolatzeko aukera emanez goi-mailako ikasketetan ere, eta helduen ikasketa erraztuz.

Planak jasotzen du, halaber, Nafarroako administrazio publikoetan euskararen erabilera arautzea herritarrek zerbitzu publikoak, euskaraz, gaztelaniaren eraginkortasun- eta irisgarritasun-baldintza beretan goza ditzaten, langile publikoen gaitasunaren bidez, eta Foru Administrazioaren jarduera Nafarroako bi hizkuntzetan sustatuz eta babestuz.

Euskarak motor ekonomiko gisa duen ahala ere proposatzen du dokumentuak, haren ondare immaterialaren balio aparta Nafarroako sektore produktiboei, teknologikoei eta berrikuntzakoei lotuz, eta negozio-ekimenak sustatuz euskara balio erantsia izango den sektore produktiboetan (haien artean, turismo-sektorea nabarmendu behar da,) irabaziak sortzen eta garapen ekonomikoa izaten lagunduko dutenak.

Plana euskararen egoera soziolinguistikoaren diagnostiko batetik abiatzen da, eta hark egiaztatzen du azken urteotan hizkuntzaren ezagutza areagotu egin dela, zonalde mistoan bereziki: biztanleen % 9,5etik (1991ean) % 11,7ra pasa da (2011n), baina ez da berdin gertatu erabilera sozialarekin; izan ere, biztanleen % 5 inguruk beti edo era ohikoan erabiltzen du. Bestalde, adierazgarria da, euskara sustatzearen alde agertutako biztanleen portzentajea handitu egin dela; honako bilakaera hau izan du: % 21,6 1991n, % 33,3 2001ean eta % 37,7 2011n.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora