Albisteak

Euskarabideak gazteen parte-hartzea sustatzen du ARNASETIK ikus-entzunezko sormen lehiaketaren 3. edizioan

2024-10-03

10 eta 16 urte bitarteko ikasleei zuzenduta, 500 euroko lau sari banatuko ditu, eta bideo-lanak emateko epea urriaren 31n amaituko da

‘Arnasa Gara’, Euskarabidea - Euskararen Nafar Institutuak, UEMAk - Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean bultzatutako ekimena, ARNASETIK bideosormen lehiaketaren hirugarren edizioa antolatu du. 10 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago lehiaketa, eta euskararekin zerikusia duten istorioak sortzea izango du helburu. Haien hizkuntza-ohiturei eta herriei buruz hausnartzea da lehiaketaren helburua. Halaber, parte-hartzaileen sormena sustatzea. Hau da, gazteek udalerri euskaldunetako edo "arnasguneetako" hizkuntza-ohiturei buruzko hausnarketa egitea. Bideo-lanak urriaren 31ra arte aurkeztu ahal izango dira.

Gogoan izan behar da Arnasa Gara "arnasguneen" garrantzia gizarteratzeko helburua duen proiektua dela, hau da, biztanle gehienek euskaraz dakiten udalerrietan, harreman sozialetan euskararen erabilera ohikoa eta orokorra izanik. Bereziki, euskara biziberritzeko egiten duten ekarpen nabarmenagatik. 2023ko edizioan ekimenak 112 lan jaso zituen eta 1.600 lagunek baino gehiagok bozkatu zuten.

 

Hiru kategoria, hiru erronka

Aurreko edizioetan bezala, lehiaketaren hirugarren edizioa ere hiru kategoriatan banatzen da, eta horietako bakoitzean erronka jakin bati erantzun beharko diote gaztetxoek. Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek herriko txoko gogokoena zein den azaldu beharko dute, eta azaldu beharko dute zerk egiten duen hain berezi, zertara joan ohi diren, zer eraman ohi duten, zer bizipen izan dituzten bertan...

Halaber, DBHko 1. eta 2. mailako ikasleek bideo baten bidez azaldu beharko dute zein den beren herriko egun nagusia edo ospakizun berezia, nola prestatzen diren egun horretarako, nola janzten diren, nola eta zergatik sortu zen festa hori, eta zer sentitzen duten egun seinalatu horretan.

Azkenik, DBHko 3. eta 4. mailako ikasleek kazetari-rola hartu beharko dute, eta kalera abiatu beharko dute auzotarrei galdetzera herriko zein beste pertsonaren larruan jarriko liratekeen. Erantzuna jaso ondoren, izendatutako pertsonarengana hurbilduko dira galdera bera egiteko, eta horrela jarraituko dute bost elkarrizketa osatu arte.

10 eta 16 urte bitarteko gazteak biltzen dituzten hiru kategorietako bakoitzak 500 euroko saria izango du, eta publikoaren saria ere banatuko da, 2.000 euro guztira. Sariak IrrisarriLand edo Gure Zirkuan, Durangoko Azokan edo EITBko Goazen! eta Irabazi arte! telesailetako promozio artikuluetan trukatu ahal izango dira. Gazteek urriaren 31 arte bidali ahal izango dituzte beren lanak, eta publikoak hiru kategorietako lanak bozkatu ahal izango ditu azaroaren 5etik 15era, lehiaketaren webgunean.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora