Albisteak
Euskarabideak eleaniztasuna sustatuko du ikasgeletan erabiltzeko material didaktikoa landuz
Javier Arakama Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea Santiago de Compostelan izan da hizkuntza-politikaren arloan Galizia, Euskadi, Katalunia, Balear Uharte eta Valentziako gobernuekin sinaturiko lankidetza-protokoloaren jarraipen-batzordean parte hartzeko.
Batzorde horren helburua da erkidego bakoitzeko hizkuntza-politiketarako interesgarriak diren gaiak aztertzea eta berezko hizkuntzak sustatzeko ekintza bateratuak burutzea. Oraingo honetan, aitzina egin da DBHko ikasleendako material didaktikoen prestalanetan. Nafarroak modu aktiboan parte hartu du unitate didaktiko horiek sortzen, eta musika izan da haietarako hautatu den gaia. Xedea da gazteek Estatuko errealitate eleaniztuna ezagutzea eta hizkuntzen aldeko jarrera errespetuzko bat garatzea, beren interesekoa den material partizipatiboaren bidez.
Bestetik, Estatuko telebista publikoan hizkuntza koofizialak sustatzeaz ere mintzatu dira batzordean eta, zehazki, Estatuko hizkuntza ofizialetan dauden edukiak sartzeaz haurrendako Clan TVn.
Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sarearen (NPDL) batzar nagusia
Santiagora eginiko bidaian, Euskarabideak orobat parte hartu du Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sarearen batzar nagusian; hartan teknologia linguistikoak bizitza sozial eta ekonomikoan duen eraginaz eztabaidatu dute. Batzarrean zenbait gai jorratu dira, hala nola itzultzaile digitaletarako, hizkuntza ezagutzeko sistemetarako eta hizkuntza-prozesadoreetarako sarbidea, eta zer eragin duten eskualdeko hizkuntzen iraupen eta hedapenean. Hizlariei dagokienez, nabarmentzekoa da Anna Solé bertaratu izana, Europako Batzordeko eleaniztasunaren ataleko kidea bera.
Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sarearen (NPDL) helburua da hizkuntza-aniztasuna sustatzea Europan, maila guztietako informazioa eta esperientziak trukatuz; hori guztia, ulermena errazteko eta nazioartean aniztasun horren aitortza handiagoa lortzeko. Nafarroako Gobernua eskubide osoko kide da 2010az geroztik, eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren bitartez parte hartzen du sarean. NPDL sarri aritzen da lankidetzan herrialdeetako eta eskualdeetako gobernuekin, haiekin lan-saioak eginez, baita hizkuntza plangintzan jarduten duten entitateekin ere. Sare horretan Europa osoko erakundeek dituzte ordezkariak, hala nola tokiko agintaritzek, ikerketa-zentroek, unibertsitateek eta gobernuz kanpoko erakundeek.