Albisteak

Euskarabideak %8,3tik gorako aurrekontu-errefortzuarekin ekinen dio 2024 urteari, euskararen arlo guztietan ildo estrategikoak sakontzeko

2024-02-14

Euskararen Nafar Kontseiluak berritua lehen aldiz bildu da, aurrekontuak eta beste gai batzuk jorratzeko, hala nola Europar Batasuneko Adituen Batzordearen bisita

Euskararen Nafar Kontseilu berrituak gaurko bilkuran izan du Euskarabidearen aurrekontu-proiektuaren datu nagusien berri: euskararen ildo estrategikoetarako % 8,3ko igoera dakar. Kontsulta organoa berritu ondoko lehenbiziko bilkuran, beste gai batzuk ere jorratu dira, esaterako, Europar Batasuneko Adituen Batzordeak Hizkuntzen Europako Gutunaren aplikazioa aztertzeko egin berri duen bisita eta bi prozesuren egoera, Nafarroako Gobernuko zerbitzuek euskarazko arreta hobetzearekin zerikusia dutenak, hala nola, laster onartuko den Merezimenduen Dekretua eta departamentuetako hizkuntza-planen eguneraketa. 

Jakina denez, duela gutxi berritu da organo hori, legegintzaldien arteko ohiko trantsizioak bat egin baitu Euskarabidearen estatutu berrien ezarpenarekin. Hala, Gobernuaren erabaki  baten bidez, gaurko bilkuran karguaz jabetu diren 29 kideak izendatu ziren berriki. Bilkuran buru izan da bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollo. Euskarabideko zuzendari kudeatzaile Javier Arakamak ere hartu du parte. 

Organoaren aro berri honetako lehen bilkura egin da, hain zuzen ere, hizkuntza politikan eragin handia duten bi ildok, finantzarioak eta juridikoak, bat egiten duten unean. Horrela, alde batetik, laster Nafarroako Aurrekontu Orokorrak onetsiko direla aurreikusten da; Gobernuak Parlamentuari aurkeztutako proiektuan euskararen erabilera eta sustapenera bideratutako partidak nabarmen indartu dira. Eta, beste alde batetik, Nafarroako Gobernua bi prozesu teknikotan murgilduta dago, Administrazioak herritarrei eman beharreko zerbitzu publikoaren hobekuntzekin eta egokitzapenekin zerikusia dutenak: Merezimenduei buruzko Dekretua, Administrazio osoari eta hizkuntzez haraindiko beste gai batzuei ere eragiten diena eta gaur egun Nafarroako Kontseiluaren irizpenaren zain dagoena; eta departamentuetako hizkuntza-planak, aurreko legegintzaldian hasi zirenak eta 2023-2027 aldirako eguneratu eta onartu behar direnak, departamentuarteko lan baten bidez. 

Biek ala biek zerikusia dute Administrazioak euskaraz ematen duen arretarekin, Euskararen Foru Legean jasota baitago. Horixe da, hain zuzen ere, Europako Kontseiluko Adituen Batzordeak, Nafarroara berriki egindako bisitan, Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren aplikazioa ebaluatzeko eskuratu zuen informazioaren gaia, gaur Euskararen Nafar Kontseiluaren osoko bilkuran aipatu den gisan. Euskarak Nafarroan duen egoerari eta Estatu mailako eremu urriko beste hizkuntza batzuei buruzko azken txostena ere (ohiko gomendioekin) heldu diren hilabeteetan iritsiko da. 

Aurrekontuak, Parlamentuko eztabaidan hobetzeko zain

Arau edo administrazio esparruari buruzko gai horiek aztertu ondoren, Euskararen Nafar Kontseiluak, Gobernuaren ordezkarien eskutik, 2024rako aurrekontu-proiektuaren ildo nagusien berri izan du, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentu osoaren kontuen baitan.  Euskarabidea saiatu da, aurreikuspen ekonomiko horien bidez, programa propioen, hitzarmenen eta laguntza deialdien ildoak finkatzen, arreta berezia jarriz helduentzako irakaskuntzaren doakotasunaren aurrerapenean. Gainera, euskarak bultzada izanen du beste behin ere teknologia berrietan, gazterian eta arlo sozioekonomikoan. Langileen kapitulua kontuan hartu gabe, proiektuan aurrekontua % 8,3 handitu da, aurreko urteko proiektuarekin alderatuta 7,3 milioitik 7,9 milioira egin baitu. Kontuan hartu behar da oraindik ere aurrekontuetan doikuntzak izanen direla Parlamentuko eztabaidaren ondoriozko ekarpen ekonomiko berriengatik eta, beraz, azken igoera ehuneko hori baino handiagoa izan liteke, 2023ko behin betiko aurrekontua (7,4 milioi) eta 2024rako martxoan onetsiko dena alderatuta.

Kopuruetatik harago, Ollo lehendakariordeak eta Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak azpimarratu dute funtsezko ildo estrategiko batzuei eusteaz gain (laguntzak irabazi-asmorik gabeko gizarte entitateei, toki-entitateei eta komunikabideei, elkarte eta erakundeekin egindako hitzarmenak...), gastu-aurreikuspen horrek funtsezko hiru arlo nabarmentzen dituela: helduen hezkuntza, gazteria/teknologia berriak eta arlo sozioekonomikoa. 

Lehen helburu azpimarragarria – aurrekontu-proiektuaren memorian jasotzen denez – ikaskuntzaren doakotasunerako joerari eustea da, euskaltegiak eta ikasleak, biak ere diruz lagunduta. Nabarmen handitu da euskara ikasten duten helduen laguntzetarako aurrekontua, bai eta euskaltegiendakoak ere.

Azaldu denez, bigarren ardatz nagusiak honako hauekin du zerikusia: gazteria, hezkuntza, komunikabideak (laguntzak areagotu dira) eta teknologia berriak ("Sarean Euskaraz"), eskolaz kanpoko jarduerak eta aplikazio informatikoak, berrikuntza eta digitalizazioa, adimen artifiziala... Oro har, departamentuaren batez bestekoa baino askoz gehiago handitu dira partida horiek, barne hartzen badira Euskarabideak bere gain hartu duen "Musikariak Ikastetxeetan" programa edo Mediatekaren aurrekontuak izan duen igoera. 
Azkenik, 2024rako aurreikuspen ekonomikoen hirugarren funtsezko eremua arlo sozioekonomikoan egindako lana indartzea da. Horretarako, hainbat partida konbinatu behar dira, hala nola "Euskaraz Barra-Barra" programa (merkataritzan eta enpresan herritarrek euskara erabiltzea areagotu nahi du), "Euskara Langai" ekimenean sakontzea edo "Enpresen Foroa" sortzea. 

facebook
0
twitter

Atzera
Gora