Albisteak
Euskara ikertu eta sustatzeko Euskaltzaindiarekin elkarlan-hitzarmena berritu du Nafarroako Gobernuak
Euskarabideak kudeatutako akordio honi esker, erakusketak, ikerketa-lanak eta toponimia-proiektuak egin ahal izango dira, besteak beste, 200.000 euroko aurrekontuarekin
Bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok, eta Andres Urrutia euskaltzainburuak 2024ko lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur Iruñean. Euskaltzaindiak Foru Komunitatean euskara garatzeko, aztertzeko, ikertzeko eta sustatzeko egiten dituen jarduerei jarraipena ematea izango du helburu, eta 200.000 euroko aurrekontua izanen du.
Zehazki, Nafarroako Gobernuak Euskarabidearen bidez finantzatuko ditu, besteak beste, ‘Euskaltzaindia eta Nafarroa’ eta ‘Blas de Fagoaga Ariztia irakaslea eta euskaltzaina’ aleen edizioa; Onomastika Batzordean jasotako kontsulten txostenak eta izapideak egitea; musika-emanaldi bat eta hiru erakusketa ibiltari. Era berean, oikonimiaren analisia diruz lagunduko da, hau da, Ollarango etxeen izena aztertzea.
Ana Ollo lehendakariordea eta Andres Urrutia euskaltzainburua pozik agertu dira gaurko ekitaldian, eta bi-biek azpimarratu dute erakundeen arteko elkarlana ezinbestekoa dela Nafarroan euskarari hauspoa eta prestigioa emateko. Sinatzeko ekitaldian izan dira, halaber, Sagrario Aleman Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkaria eta Jagon sailburua, Paskual Rekalde euskaltzain osoa eta Ander Irizar, Euskarabideako Hizkuntza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria.
Gogoratu behar da Nafarroako Foru Aldundia Euskaltzaindiaren sortzaileetako bat izan zela 1918. urtean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako probintzia-aldundiekin batera.