Podcastak

Irainak eta biraoak euskaraz Iruñeko kaleetan

2022-04-13

Irainak, biraoak eta hitz itsusiak, guztiak auzietako idazkietatik ateratakoak, eskribauek euskaraz jasoak, gehienak XVI. eta XVII. mendeetakoak, Nafarroako Artxibo Nagusian gordeak. Jendeak bere egunerokoan erabiltzen zituen irainak Iruñerrian, Iruñean berean bai eta beste eskualde batzuetan ere euskarak zuen indarraren erakusgarri dira.

20. ATALA - IRUÑEKO KALEETAKO EUSKAL IRAINAK

Erroi kasta gaiztoa 

perjuro kumea 

axarikumea

erroi adaburu handia

Horra hemen birao sorta polita.

Hogeigarren atalean….irainak bai, biraoak, gure karriketan euskaraz esaten zirenak.

“Euskara aleka” podcasta duzu hau. Gure hizkuntzaren gaineko printzak Nafarroan aleka banatzeko saioa, alegia.

Ez dira guk asmatuak; jendeak erabiltzen zituen, gure herrietan, Iruñerrian eta  Iruñean bertan ere bai. Eskribauek jasotakoak dira auzietako agirietan.

Garai bateko biraorik larriena edo larrienetako bat, “axarikumea” edo “axeria” zen.

Inori “hi axerikumea haiz” erratea, adibidez, gauza larria zen benetan.

Eta zer zen “axerikumea”? Inori apezen seme-alaba izatea leporatzea.

Beste irain bat, “adaburu”. Adaburu bai, hau da, adarduna, adarrak jartzea. Zenbaitetan, beste hitz batzuekin batera erraten zen:

 “erroi adaburu handia”

 “adaburu tzarra”

“Erroi” hitz hori bele da, baina garai batean, sekulako iraina. Beste hitz batzuekin batera esaten zen, gainera:

erroi kasta gaiztoa  

Edo entzun ezazue hau:

 “erroi meaka ustela tripa handia”.

Hori erran zioten Añorbeko eskribauari, herritarrek lapurra izatea leporatu baitzioten bai berari, bai emazteari.

--------

Ardoa gehiegi edaten zuenari, honelako hitzak esaten zitzaizkion:

orditzarra,

ardankopa matela,

ardanbotea,

ardansaskia.

 

Gehiago ere badira:

“agote askazia”,

 “agot zar horri”,

 “frai zikin”,

 

Edota bestelakoak:

 “zakil handi”,

 “zakil erre”,

 “bragetandi”…

Zenbaitetan esaldi luzeak ere ageri dira. Iruñean, adibidez,  elkar ezkontzeko hitza eman zioten elkarri bi gaztek. Mutilak, ordea, gero ez du neskarengana joan nahi, eta lekuko batek arrazoi hau eman zuen:

“Erran omen diote otsein edo neskame dagoela neskatoa, eta ez dagoela abere ondran; harrengatik ez omen da joan. Lehen ere bere izebak bere dendan aurkitu omen zuela neskatoa alkate Liedenaren mutilareki eta, horrengatik atera edo bota omen zuen izebak etxetik”.

Ameskoan bildutako esaldi bat ere izugarria da. Heriotza-mehatxu bat, Martin Gozalezek esandakoa:

“Lehen ere begietan hartua hadukat: eta gero bada, lehen bada, ene eskuetarik joanen haiz”.

Hau da, ene eskuekin hilko zaitut.

Horra ezin konta ahala irain, guztiak ere auzietako idazkietatik ateratakoak, eskribauek euskaraz idatziak, gehienak XVI. eta XVII. mendeetakoak, Nafarroako Artxibo Nagusian gordeak, Iruñean. Fernando Maiorak plazaratuak.

Beraz, oraindik ere inork erraten badizue euskara biraorik ez duen hizkuntza txukuna eta garbia dela, harako kantu ezagun hark dioen bezala, bidali pikutara.

Kasta andurrak

 ema txarrak

ago laxoak

doilor zarra

doilor gaiztoa

gaizto andurra…