Podcastak

Iruñeko hiru andre euskaltzale: Catalina Alastuey, Julia Fernandez Zabaleta eta Maria Viscarret Nabaz

2022-04-13

XX. mendearen lehen herenean, Nafarroako euskalgintzak indarra hartu zuen. Iruñeko hiru emakume nabarmendu ziren mugimendu hartan buru-belarri aritzeagatik; hirurak adiskideak, maistrak, San Jose plazako Ikastetxe Normalean ikasitakoak, irakaskuntzako pedagogia-molde berriaren zaleak eta euskararen aldeko ekimen orotan parte-hartzaileak. Besteak beste, Iruñeko lehen euskal eskolaren sorreraren sustatzaileak izan ziren.

16. ATALA - IRUÑEKO HIRU ANDRE EUSKALTZALE: CATALINA ALASTUEY, JULIA FERNANDEZ ZABALETA ETA MARITXU VISCARRET NABAZ.

SINTONIA 2 (Lehen planoan hasieran eta  gero azpian laguntzen)

Ongi etorri entzule.

“Euskara aleka” podcasta duzu hau. Gure hizkuntzaren gaineko printzak Nafarroan aleka banatzeko saioa, alegia.

Hamaseigarren atalean, hiru emakume euskaltzaleren ekarpenak izanen ditugu mintzagai, hirurak ere maistrak.

SARRERA-KARETA

ESATARIA 1 - KIKE

XX. mendearen lehen herenean, Nafarroako euskalgintzak indarra hartu zuen, hainbat arlotan, gainera.

Iruñeko hiru emakume mugimendu hartan aritu ziren buru-belarri, hirurak adiskideak, maistrak, San Jose plazako Ikastetxe Normalean ikasitakoak, pedagogia-molde berria bultzaturik irakaskuntzan, hirurek ere antzeko bidea eginik eta euskararen aldeko ekimen orotan parte harturik.

Haietako bat Catalina Alastuey Garaikoetxea Merkatarien karrikakoa, 1899an jaioa. Ama baztandarra zuen, Gartzaingoa, baina ez zion euskaraz irakatsi.

Eusko Ikaskuntzak antolatutako ekimen askotan parte hartu zuen, bai eta Iruñeko Euskeraren Adiskideak Elkarteak abiarazitakoetan ere. Elkarte hartan pentsamolde askotako jendea bildu zen eta, helburuen artean, euskarazko irakaskuntza zegoen.

 Ahaleginek, azkenean, beren fruitua eman zuten, eta Iruñeko lehen euskal eskola edo ikastola 1931-32 ikasturtean zabaldu zen, Karlos III.a etorbidean.

Julia Fernandez Zabaleta Dormitaleria karrikan jaio zen, 1898an. Aita Mendigorrikoa, hiriburura etorria, katedraleko organo-jolea izateko. Ama, berriz, Kontxi Zabaleta, Ziraukiko alaba.

Pedagogia kontuetan hagitz aitzindaria. Udalak beka emanik, Maria Montessori pedagogo italiar ospetsuaren ikastarora joan zen Bartzelonara. Iruñean berean euskaldundu zen, Nafarroako Diputazioak 1922n maisu-maistren ikastetxean jarritako katedran.

Handik gutxira hitzaldia eman zuen euskaraz Donezteben, Euskaltzaindiak antolaturik. Honatx hitzaldiaren hasiera:

“Badakizue euskara ikastera aurten hasi naizela, eta horregatik ez da nire hitzaldia luzea izango….”

Juliak, beraz, ziztuan ikasi zuen euskaraz mintzatzen, eta euskara erabiltzearen aldeko aldarria egin zuen, honela bukatuta:

“Gure arima eta gorputzeko ondasunak, gure aberastasunak, gure eskubideak gorde nahi baditugu, izan gaitezen euskaldun zintzoak. Orain jakin dugulako hasi gera Iruñeko estudiantiak euskaraz ikasten, eta hemendik aurrera, Nafarroako seme guztiak euskaldunak izango dira beti, gure Napar santuaren aintzatako”.

Hirugarren emakumea, Maritxu Biskarret Nabatz da, aurrekoak baino gazteagoa, Zapateria karrikan 1907an sortua baina Bigarren Zabalgunea eraiki ondoren, Gartzia Ximenez kalera bizitzera joana. Aita Zai herrixkakoa zuen (Esteribar), euskalduna. Ez zion, ordea, alabari euskara irakatsi. Irakaskuntza munduan sarturik, gerra hastean, Bilbora jo zuen eta gero Lapurdira, erbestera.

Hirurak ere, gainera, EAJko emakumeen taldekoak izan ziren, hau da, Emakume Abertzale Batza erakundekoak; zehazki, lehen zuzendaritza batzordeko kideak Nafarroan. Julia Fernandez, burua; Catalina Alastuey, buruordea, eta Maritxu Viscarret, idazkariordea.

Emakumeen eskubideen alde ere jardun zuten.

1936an, altxatuek itxi egin zuten hiru emakume horiek gogotik bultzatutako lehen ikastola hura. Agintariek berriek, gainera, gure hiru emakumeak zigortu zituzten beren lanpostuetatik botata. Hirurek klase partikularrak eman behar izan zituzten bizimodua aurrera ateratzeko, ikastetxeetara itzultzeko baimena eman zitzaien arte.

Maritxu Biskarret Erratzuko eskolara bidali zuten, Baztanera, eta han irakasteko molde berria ezarri zuen, euskarari tokia eginez. Han aritu zen jubilatu arte eta Iruñean hil zen 1989an.

ESATARIA 1 BUKAERA

Horrenbestez, hamaseigarren atala entzun duzue. Mila esker eta hurrengora arte.