Albisteak
Udaltopen, Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketan, izena emateko epea zabalik
Udaltop Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketa online izanen da, maiatzaren 5ean eta 6an. Langaia berriz Honako hau: eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko gakoak; udaletatik zer eta nola egin daiteke?
Zer eta nola egin udaletatik eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera indartzeko? Izenburu horrekin, eremu sozioekonomikoa izanen du bigarren urtez ardatz nagusi Udaltopek. COVID-19aren pandemiak behartuta, jardunaldia online izanen da osorik. Honela arrazoitu dute erabakia antolatzaileek: “Pandemiak zein bilakaera izanen duen asmatzea ez da erraza, eta aurreko urtean izandako arrakasta ikusita, indarrak online bidezko jardunaldia antolatzen jartzea erabaki dugu”.
Iazko edizioarekin alderatuta, ordea, egitaraua goiz bakarretik bi goizetara pasa da. Gai nagusiari dagokionez, eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko gakoak emateko ahalegina eginen da. “Horixe izanen da aurtengo Udaltopen ardatz nagusia. COVID-19ak bete-betean harrapatu gintuen aurreko edizioan, eta egitaraua pandemia egoerara moldatu behar izan genuen. Gure asmoa zen eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko gakoak ematea, lan-mundua euskalduntzeko beharraz aritu ginen. Aurten, gaia berreskuratzeko beharra eta aukera ikusi dugu”, azaldu dute antolatzaileek.
Izena ematea, zabalik
Egitaraua aurkeztuta, izena ematea martxoaren 17tik aurrera zabalik dago, apirilaren 23ra bitarte. Matrikulazioa www.udaltop.eus webgunean egin behar da, izen-emate atalean. Prezioa 15 € izanen da. Arrazoi teknikoengatik, ezinbestekoa da izena ematea; formularioa betetzen dutenek bakarrek jasoko dute jardunaldia online jarraitzeko pasahitza.
Antolatzaileek udaletako eta beste erakundeetan euskara teknikariei gonbitea egin diete Udaltopeko hamahirugarren edizioan parte-hartzeko, baina gonbita zabaldu diete beste alorretako eragileei ere: “Esparru sozioekonomikoan aritzen diren eragileak gurean ikusi nahiko genituzke, hala nola, enpresa pribatua, administrazio publikoa, sindikatuak…”.
Azkeneko edizioetan bezala, antolatzaile dira euskararen lurralde guztietako erakundeak: Euskal Hirigune Elkargoa; Eusko Jaurlaritza; Nafarroako Gobernua; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak; eta Lasarte-Oriako Udala.