Albisteak

Udaltopek eremu sozioekonomikoari leiho bat zabalduko dio maiatzaren 14an online

2020-04-25

Eremu sozioekonomikoan jarrita zuen fokua aurten Udaltopek, Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketak. Hain zuzen, alor horretan euskararen erabilera pizteko gakoak ematea zen hamabigarren edizioko xede nagusia. COVID-19ak eragindako osasun larrialdiak, ordea, aurtengo jardunaldia moldatu beharra ekarri du; Udaltop egin egingo da, baina online, eta bi eguneko egitaraua goiz bakarrera mugatuz. Maiatzaren 14an izango da, www.udaltop.eus webgunean. Jardunaldia jarraitzeko beharrezkoa izango da aurrez izen-emate formularioa betetzea.

Udaltop etxetik: ireki leiho bat lan munduari izenburupean, eremu sozioekonomikoari leiho bat zabalduko dio aurten Udaltopek. Eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko gakoak ematea zen aurtengo erronka, eta horretara bideratuta zegoen egitaraua, baina COVID-19ak eragindako osasun larrialdia tarteko, jardunaldia konfinamendu egoerara egokitu beharra izan da.

Antolamendu Batzordetik azaldu dutenez, “gure asmoa eremu soziekonomikoari atea parez pare zabaltzea bazen, leihoa baino ez diogu irekiko. Eta jakina, leihoetako sarrera ateetakoa baino mugatuagoa da. Eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko gakoak eman nahi genituen, eta planteamendu berrian lan-mundua euskalduntzeko beharraz ariko gara modu filosofikoago batean. Dena dela, egitarau erakargarria osatu dugu, eta garrantzitsuena, urteroko zitari eutsi diogu Udaltopeko izaera berritzaile eta ausarta berretsiz”.

Maiatzaren 14an izango da, www.udaltop.eus webgunean, goizeko 10:00etan hasita. Menuan, bi hitzaldi, mahai-inguru bat eta testigantza laburrak. Jon Sarasuak zabalduko du jardunaldia; atxabaltarra eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko zer behar dugun galderari erantzun nahian apustu berri baterako arrazoibideez arituko da. Eta Agirre Lehendakaria Centerreko Leire Canciok ere, bere hausnarketa plazaratuko du.

Jarraian, atsedenalditxo bat izango da, eta bueltan, Pilar Kaltzadak gidatuko duen mahai-ingurua. Mahiaren bueltan, berriz, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politiketako zuzendaria, Leire Okarantza Fagor Koop. E.ko Gestio Sozialeko ordezkaria eta Kike Amonarriz Topaguneako presidentea elkartuko dira. Besteak beste, hiru gai hauek jorratuko dituzte: Jon Sarasuaren gogoeta; testuinguru ekonomiko berrian euskarak presentzia gehiago izateko gakoak; eta amaitzeko, jardunaldia etxeko leihotik jarraitzen ari diren ikus-entzuleek egindako galderak erantzungo dituzte -aukera ezberdinak zabalduko dira galderak egiteko: WhatsApp-a, twiterra eta posta elektronikoa-.

Jardunaldia amaitzeko, krisi egoeran euskara tresna gisa erabilita jarduera interesgarriak gauzatzen ari diren enpresen esperientzia laburrak ezagutzeko aukera izango da, testigantza moduan.

Izen-ematea, doan

Jardunaldia www.udaltop.eus webgunean jarraitzeko aukera izango da, baina soilik aurrez izena eman dutenek izango dute aukera -izen ematea doakoa da-. Beraz, beharrezkoa izango da gaurtik hasi eta maiatzaren 8ra arte webguneko “Izen-ematea” atalean zabalik egongo den formularioa betetzea. Lehen urrats hori eginda, izena eman duten pertsona guztiek pasahitza jasoko dute Udaltop berezi hau jarraitzeko. Jardunaldia amaitu ondoren hitzaldi guztiak webgunean zintzilikatuko dira, edonork ikusteko moduan.

Iaz bezala, Antolamendu Batzordean euskara presente dagoen lurralde guztietako ordezkaritza instituzionalak parte hartu du: Euskal Hirigune Elkargoa; Eusko Jaurlaritza; Nafarroako Gobernua; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak; eta, Lasarte-Oriako Udalak.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora