Albisteak

Ollo lehendakariordeak eta Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak, Jabi Arakamak, EuskarAbentura 2024 espedizioan parte hartzen duten 127 gazteei harrera egin diete Iruñean

2024-07-08

Nafarroako Gobernuak Euskarabideak egindako hitzarmen baten bidez babesten du jarduera hau, balioetan, euskaran, kulturan eta abenturan oinarritutako hezkuntza konbinatzen duena

Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak EuskarAbentura 2024 espedizioan parte hartzen ari diren 16 eta 17 urte bitarteko 127 gazteei harrera egin die gaur arratsaldean Iruñeko Takonera parkean.

Uztailaren 1etik 31ra bitartean, aurtengo edizioko protagonistek 400 kilometro baino gehiago egingo dituzte, Done Jakue ibilbide ezberdinak jarraituz, eta UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatutako Ipar Euskal Herriko, Nafarroako eta Euskadiko hainbat hiri, herri eta txoko bisitatuko dituzte. Musika, dantza, komunikazioa, kirola, soziolinguistika eta idazmen lantzen duten profesionalek, besteak beste, ordu batzuk partekatuko dituzte espedizioko gazteekin, ezagutzak trukatzeko.

"Atsegin handiz hartzen zaituztegu Iruñean, sanferminetan, hiria jaiaren eta kultur aniztasunaren epizentroa bihurtzen den honetan, munduko hainbat lekutatik etorritako pertsonen topaketari esker. Zorionekoak zarete EuskarAbenturan parte hartzeagatik, hainbat esperientziaz gozatzeko eta balio anitzak lantzeko aukera izateagatik, hala nola berdintasuna, bizikidetza eta ingurumenarekiko errespetua, eta, aldi berean, euskararen aberastasuna elkarbizitzarako hizkuntza gisa bizi eta transmititzen duzuelako ", adierazi du Ana Ollo lehendakariordeak espedizioko protagonistekin izandako topaketan.

Era berean, Nafarroan dauden egunetan bizipen "atsegin eta aberasgarriak" izatea opa die, eta gaineratu du "ibilbidea jarraitu eta ibiltzeko, ikasteko, gozatzeko aprobetxatuko duzuelakoan nago. Eta, batez ere, gainerakoekin eta ezagutuko duzuen inguruneekin partekatzea bakoitzak duen aberastasuna, baita euskararen erabilera anitza ere".

Euskararen sustapena

Nafarroako Gobernuak Euskarabidea-Nafarroako Euskararen Institutuaren eta EuskarAbentura Elkartearen arteko hitzarmen baten bidez babestu du ekimen hau, 15.000 euroko aurrekontuarekin; izan ere, Gobernuaren eginkizunetako bat da euskararen presentziari eta gizarteko hainbat arlotan euskararen erabilerari buruzko sentsibilizazio-programak gauzatzea, bai eta erakunde publiko eta pribatuekin lankidetzan aritzea ere, helburu berarekin.

Horrela, Foru Gobernuak bat egiten du EuskarAbenturaren helburuekin, hala nola parte hartzen duten gazteen artean euskararen erabilera sustatzea eta normalizatzea, haien arteko errespetu- eta adiskidetasun-sarea sortzea eta elikatzea, ondasun naturalen, historikoen eta kulturalen transmisioa bermatzea eta balio positiboak sustatzea, hala nola bizikidetza, berdintasuna, autonomia, talde-lana, bizitza osasungarria etab.

Hala jasotzen da "Hiruko Itunan”, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren, Nafarroako Gobernuko Euskarabidea-Nafarroako Euskararen Institutuaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren arteko lankidetza-hitzarmen espezifikoa, euskara aisialdian sustatzeko puntuan, zeinak aurreikusten baitu gazteei zuzendutako euskara sustatzeko jarduerak garatzea, hala nola EuskarAbentura.

Parte hartu duten 127 gazteak errealitate linguistiko, sozial, ekonomiko eta kultural desberdinetatik datoz. Horien artean, 24 Nafarroakoak dira ( % 18,9) eta beste sei ( % 4,73) Nafarroa Beherekoak. Gehienak bizkaitarrak dira, 43 gazte ( % 33,85), ondoren 28 ( % 22,05) Gipuzkoatik datoz, 13 ( % 10,24) Arabatik, 10 ( % 7,87) Lapurditik, bi ( % 1,57) Zuberoatik eta bat ( % 0,79) diasporatik, Cuscotik (Peru).

Gazteekin batera 30 lagunek osatutako lantalde bat dago. Lantalde honetan bi koordinatzaile, 10 sherpa edo monitore, lau monitore laguntzaile, bi monitore buru, hiru mediku, bi erizain, bi gidari, euskara teknikari bat, bi argazkilari, kameralari bat eta komunikazio arduradun bat daude.

400 km baino gehiago oinez

Oraingo honetan, 400 km-tik gorako ibilbidean, Ipar Euskal Herrian, Nafarroan eta Euskadin barrena, "marea laranjak" 27 herritan egingo du gaua: Atharratzen, Maulen, Pagolan, Larzabalen, Donibane-Garazin, Auritzen, Zubirin, Iruñean, Añanan, Argantzunen, Gasteizen, Izarran, Araian, Zerainen, Tolosan, Lesakan, Urdazubin, Baionan, Urruñan, Donostian, Zarautzen, Lekeition, Aulestin, Gernikan, Bermeon, Bilbon eta Getxon.

Etapa gehienak oinez egingo dira, gazte bakoitzak motxila txiki bat daramala, dagokion etapan beharko dituzten gauzekin bakarrik. Motxila handiak furgoneta batean eramango dira, eta beste bidaiari-furgoneta txiki batek lagunduko dio une oro espedizioari, ezbeharren bat gertatuz gero edo norbaitek ezin badu etapa amaitu, amaieraraino eraman ahal izateko. Etapa bakoitzaren amaieran, parte-hartzaileek herrietako frontoietan eta kiroldegietan egiten dute lo, eta enpresa bat arduratzen da garbiketa-instalazioez eta janari-horniduraz.

Etapa bakoitzaren ondoren, hainbat jarduera antolatzen dira: hitzaldiak eta tailerrak, bisita historikoak eta ondarezkoak, musika eta dantza, ikus-entzunezkoak, kirol-txapelketak, eztabaidak, hainbat gairi buruzko hitzaldiak, etab.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora