Albisteak
Ollo kontseilariak nabarmendu du helduetan euskara ikastea lehentasunetako bat dela hizkuntza horren bigarren plan estrategikoan
Helduei euskara irakasteko ikasturtearen hasieran, hizkuntza horrek gizarte kohesiorako eta aniztasunerako duen balioa gogorarazi du
Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak, 2021-2022 ikasturteari hasiera emateko ekitaldian nabarmendu duenez, lehentasuna izanen da gobernuarentzat euskara helduengan ikastea. Irekiera ekitaldia Iruñean izan zen ostiralean, eta Mikel Iruskieta Quintian doktore eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak ere parte hartu zuen honako hitzaldi honen bidez: “Helduen hizkuntza ikaskuntzan hizkuntza-teknologiak: zenbait arrakasta eta euskararen etorkizuneko erronkak”
Kontseilariak bere aurkezpenean Nafarroa Suspertu planari buruz hitz egin zuen. Plan horrek euskara kohesio- eta aniztasun-faktoretzat hartzen du, eta ezartzen du Euskararen Bigarren Plan Estrategikoa bultzatuko dela, gaur egun egiten ari dena, hizkuntza-bizikidetzara eta euskarazko baliabideen plangintzara bideratua. Horren arabera, helduei euskara irakasten jarraitzeko beharrezko neurriak hartu behar dira.
Agindu horri jarraituz, irailean kanpaina zabal bat egin da, "Euskara Ahora" leloarekin, tokiko 33 erakunderekin eta eremu horretako eragile garrantzitsuekin lankidetzan, hala nola Zubiarte euskaltegiarekin, Hizkuntza Eskola Ofizialarekin, AEKren eta IKAren gizarte-ekimeneko euskaltegiekin eta Bay and By euskaltegiarekin. Kontseilariak euskaltegi horiekiko elkarlana goraipatu du, haien laguntzarik gabe ez baitago aurrera egiterik euskalduntzean, esan duenez.
Era berean, Ana Ollok gogorarazi nahi izan du Nafarroako Gobernuak bultzatu dituela, Euskarabidearen bidez, ikasleei zuzendutako laguntzak, ikastaro trinkoak, barnetegia eta autoikaskuntzako ikastaroak egiteko. 33.000 euro gehitu dira ikasturte honetan ikastaro horietako matrikuletan laguntzeko.
Hizkuntzaren teknologiak
Mikel Iruskieta Quintian doktore eta irakasleak hizkuntzaren teknologiek euskararen irakaskuntzan egiten duten ekarpena izan du hizpide bere hitzaldian; besteak beste, adierazi du hizkuntzaren teknologia zer den, nola erabiltzen den eta nola erabil daitekeen.
Iruskietaren iritziz, orain da unea aurrez aurreko eskoletan edo euskaltegitik kanpo ikasleak teknologia horrekin garatzeko eta laguntzeko, eta teknologia horrek irakasleari lagundu beharko lioke ikaslea hobeki gidatzen. Azkenik, proiektu arrakastatsu batzuk eta hizkuntzaren teknologiek euskararen irakaskuntzan dituzten erronkak aipatu ditu.