Albisteak
Ollo kontseilariak euskararen erabilera bultzatzeko klubaren ekintzak ezagutu ditu Sadarrera egindako bisitan
Osasunaren Hizkuntzaren Kudeaketa Hobetzeko Planaren barnean daude, eta Euskarabidearen laguntza jasotzen dute
Ana Ollo, Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria, eta Mikel Arregi, Euskarabidearen zuzendari kudeatzailea, Sadarreko instalazio berrietan izan dira ostiral goizean. Bisita horretan Luis Zabaltza lehendakariak eta Miguel Cuesta lehendakariordeak harrera egin diete klubaren izenean, eta haien bidez ezagutu dituzte Osasunak bultzatzen duen 2018-2021 aldirako Hizkuntzaren Kudeaketa Hobetzeko Planean jasotako ekintzak.
Ondoren, klubeko buruekin izandako bileran, bi erakundeak hizkuntza-normalizazioaren alde lan egiteko duten konpromisoaz aritu dira, eta nabarmendu dute klubaren jarduera guztietan elebitasunaren erabilera lehenesten dutela ekintzen bidez.
Osasunaren estatutuek bosgarren artikuluan jasotzen dutenez, klubaren berezko hizkuntzak gaztelania eta euskara dira, eta, beraz, biak erabili beharko dira jarduera guztietan.
Hor kokatzen da, hain zuzen ere, Euskarabidea - Euskararen Nafar Institutuak babesten duen Osasunaren plan hori. 2020.urtean, 9.404,34 euroko laguntza jaso zuen klub horren planak Euskarabidearen honako deialdiaren bidez: eremu pribatuko lantokietan euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko laguntzak jasotzeko deialdia.
Aipatutako planak hainbat arlo hartzen ditu bere baitan, hala nola, komunikazioa, hizkuntza-paisaia eta irudi korporatiboa; eta neurrien artean jasotzen dira Sadar estadioko errotulazio elebiduna eta bazkideekiko komunikazioa. Horretaz gain, sentsibilizazio- eta prestakuntza-neurriak ere jasotzen dira klubaren Hizkuntzaren Kudeaketa Hobetzeko planean.