Albisteak

Ollo kontseilariak euskara arlo sozioekonomikoan bultzatzearen alde egin du "Euskara langai" jardunaldien irekieran

2022-05-24

80 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute enpresen eta erakundeen hizkuntza-kudeaketaren arloko jardunbide egokiei buruzko programa honen lehen saioan

Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak "Euskara langai" jardunaldien lehen edizioa ireki du Iruñean. Programa berri hau Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakundearen bidez antolatu da, beraien hizkuntza-kudeaketan euskara kontuan hartzen duten Nafarroako enpresen topagunea izan nahi du, baita haien praktika onen eta esperientzien erakusleiho ere.

Guztira 80 pertsona baino gehiago elkartu dituen lehen jardunaldian, Ollo kontseilariak nabarmendu du sektore sozioekonomikoa funtsezkoa dela hizkuntza baten bizitasunerako, eta azken urteotan izaera hori aitortu diola Nafarroako Gobernuak euskarari, bere plangintza estrategikoaren baitan. Adierazi du, gainera, "euskara, gure erkidegoko berezko hizkuntzetako bat da, lan-munduan, merkataritza-harremanen munduan, enpresa-zerbitzuetan eta, oro har, jarduera ekonomikoan tokia duena”. Hainbat enpresak euskara erabiltzen dute jada, euren barne-funtzionamenduan, zein kanpo-zerbitzuetan, eta tamaina ezberdineko erakunde horiek testuinguru soziolinguistiko eta sektore ekonomiko anitzetakoak dira. "Hala ere, euskarak sustapen handia behar du oraindik, enpresa gehiagok euskara hizkuntza-kudeaketan normaltasun osoz txertatu dezaten, gizarteari ematen dizkioten zerbitzuen balio erantsitzat har dezaten eta lehiakortasunaren gako garrantzitsutzat har dezaten", gaineratu du kontseilariak.

Ikuspegi aldaketa hori bultzatzeko jarri da abian, hain zuzen ere, ekimen hau, eta horrek ere sare sendo bat sortzea erraztuko du, eragile batzuek besteengandik ikasi, baliabideak partekatu eta Nafarroako eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera hobetzeko erronkari elkarrekin aurre egin ahal izateko.

Ildo beretik, Ollo sailburuak adierazi du ziur dagoela jardunaldia baliagarria izango dela elkarrekin aurrera egiteko bideak adosteko, mundura irekita, orainaldiko eta etorkizuneko aktiboa den eta gizarte gisa dugun balioa biderkatzen duen hizkuntza batentzat.

Jardunaldian Mikel Arregi Euskarabideko zuzendari gerenteak ere parte hartu du, eta gogorarazi du “euskara eragin sozioekonomiko txikiko hizkuntzatzat hartu izan dela Nafarroan, eta nolabaiteko joera egon dela euskara sustatzeko egindako edozein inbertsio gastutzat soilik hartzeko”. Arregiren ustez “ikuspuntu horrek eragotzi digu euskarak aberastasuna sortzeko eta garapenean eragiteko duen balioa eta ahalmena ikustea”.

Gainera, hizkuntzaren inguruko diskurtso berri bat eraiki eta gizarteratu behar dela defendatu du, euskarak Nafarroan duen balio ekonomikoa aitortuko duen adostasun soziala lortzeko.

Lehenengo topaketa honetan Mikel Irujo Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilaria ere izan da.

Mapsa, Ederlan, Osasuna, Oreka IT, Labrit Ondarea eta Top-Topa Shop Plataformaren eskutik Nafarroako alor sozioekonomikoan ematen diren praktika onak ezagutu ahal izan dituzte parte-hartzaileek. Foru Erkidegotik kanpoko erakundeek ere parte hartu dute jardunaldian euren esperientziaren berri emanez: Lanabesek, Euskaragileak eta Indeusek. Gazte enpresarien ikuspuntua ere ezagutzeko parada izan da jardunaldian Nafarroako AJE, Izarra Tanatorioa eta TINC erakundeko ordezkarien laguntzaz, eta, amaitzeko, ondorioen eta erronken azterketa Elhuyar Aholkularitzak, Emunek eta Ahize-AEKk egin dute.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora