Albisteak
Nafarroako jarduneko Gobernuak lanean jarraitzen du Departamentuen hizkuntza-planak garatzeko
Gaur goizean aurkeztu dute Langile Funtzionarioen eta Estatutupekoen Mahai Orokorrean Hezkuntza eta Kultura, Kirola eta Gazteria Departamentuetako plazen proposamena
Nafarroako Gobernuak gaur goizean aurkeztu die Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile funtzionarioen eta estatutupekoen Negoziaketako Mahai Orokorreko ordezkari sindikalei Hezkuntza eta Kultura, Kirola eta Gazteria Departamentuetako plaza elebidunen proposamena, departamentu bakoitzaren Hizkuntza Plana aplikatzearen ondorioz ateratako plazak dira, azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuan aipatutakoari jarraiki; dekretu horren bitartez, Nafarroako Administrazio Publikoetan, haren erakunde publikoetan eta mendeko zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen da.
Dakigun moduan, aipatu Dekretua Foru Administrazioak herritar elebidunak artatzean oinarritzen da, eta, aldi berean, alderdi bikoitza arautzen du: batetik, herritarrek eskubidea izatea herri administraziora jotzean nahi duten hizkuntzan aritzeko, eta, bestetik, Administrazio Publikoetan lan egiten duten langileen eskubideak errespetatzea.
Ildo horretan, Dekretua garatze aldera, Gobernuko Departamentu guztiek onartu dituzte haien hizkuntza-planak. Plan horietan, herritarrei arreta elebiduna eskaintzeko lehentasunezko unitateak mugatzen dira. Horretarako, kontuan izan dira legezko esparrua eta araudia, Nafarroako egoera soziolinguistikoa, plantilla eta langileen komunikazio-premiak.
Irizpide horiek aintzat hartuta, otsailean eta apirilean, Mahai Orokorrean negoziatu zituzten eta sindikatuek beren iritzia agertu zuten honako Departamentu hauetako lanpostuen proposamenaren aurrean: Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako Departamentua, Ogasuna eta Finantza Politika eta Lehendakaritza, Funtzio Publiko, Barne eta Justizia Departamentua.
Halaber, sindikatuekin negoziatu zen okupatutako plazaren hizkuntz eskakizuna aldatzeak kasu bakoitzean eragindako langileen aurrean jarraitu beharreko jarduerak arautzen dituen prozeduraren definizioa. Prozesu hori amaitu ondoren, Lehendakaritza, Funtzio Publiko, Barne eta Justiziako kontseilariak maiatzaren 23an emandako 69/2019 Foru Agindua onartu zen, eta bertan jasotzen dira plaza horiek okupatzen dituzten pertsonek hartutako eskubideak errespetatuaz profil elebiduna ezartzeko jarritako irizpideak; hori dela-eta, borondatezkotasunaren printzipioa eta horretarako antolatutako euskarazko prestakuntzetan parte hartzeko aukera aipatzen dira.
Departamentuen proposamena
Mahai Orokorrak ostiral honetan egindako bileran, Nafarroako Gobernuak ondorengo proposamena aurkeztu du euskara nahitaez jakin beharreko postuei dagokienez:
- Hezkuntza Departamentua: aurkeztutako proposamenean ez dira sartzen Dekretura lotu gabeko irakasleak, baina guztira 46 lanpostu proposatzen dira profil elebidunarekin (324 postutatik 46 berri). Horiek guztiak Nafarroa osoko herritarrak eta ikastetxeak artatzen dituzten unitate organikokoak dira, tartean D ereduko irakaskuntzako ikastetxeak.
- Kultura, Kirola eta Gazteria Departamentua: 358 lanposturen inguruan aurkeztutako proposamenean, euskara jakitea derrigorrezkoa izango da beste 20 postutan. Tartean aurkitzen dira Liburutegien eta Museoen unitateak edo gazteen egoitzenak eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko kirol-instalazioenak.
Proposamenak sindikatuei aurkeztu ondoren, alegazioak egiteko epea eman da, hurrengo negoziazio-mahaian haien jarrera ezagutzearren.