Albisteak

Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politikaren alorreko organo aholku-emailea den Euskararen Nafar Kontseiluak urteko lehen bilkura arrunta egin du

2016-02-24

Euskararen Kontseiluak aho batez adierazi du eremu-ez euskaldunean D ereduko 3 urteko ikasgelak irekitzeko gutxieneko 8 ikasleko ratioaren aldeko jarrera

Euskararen Nafar Kontseiluak aho batez erabaki du eremu ez euskaldunean euskaraz (D ereduan) eskolatzeko aukera zabaltzen duen Hezkuntzako foru aginduaren proiektuari aldeko txostena ematea. Arauak 8 ikasleko gutxieneko ratioa ezartzen du 3 urteko ikasgelak irekitzeko eta Parlamentuak 2015ean onetsitako foru legea betetzeko hartu da.

Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politikaren alorreko organo aholku-emailea den Euskararen Nafar Kontseiluak urteko lehen bilkura arruntean hartu du erabaki hau. Kontseiluburua Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria da eta, Nafarroako Gobernuko ordezkariez gain, bertan parte hartu dute, halaber, Nafarroako Unibertsitate Publikoko, Nafarroako Unibertsitateko, Euskaltzaindiko eta euskal hizkuntza eta kulturaren esparruan lan egiten duten gizarte erakundeetako ordezkariek eta ospe handiko pertsonek ere.

Euskararen Plan Estrategikoa

Bestetik, Euskarabideko zuzendari-kudeatzaile den Mikel Arregik, Gobernuko Akordio Programatikoan aurreikusita dagoen Euskararen Plan Estrategikoaren ildo nagusiak azaldu ditu.

Planak eskatzen du aldez aurreko diagnostiko bat eta elaborazio fase bat. Azken hau prozesu parte-hartzaile baten bidez eginen da eta ziurrenik ere apirilean hasiko da. Batzorde tematikoak sortuko dira hizkuntza politikako alderdiei buruz (administrazioaz, hezkuntzaz, kulturaz, gazteriaz, komunikabideez, eta abarrez) eta sektoreka eta eskualdeka eztabaida guneak sortuko dira. Helburua da udarako lehen zirriborro bat izatea eta, ondoren, jendaurrean jartzea berriz ere.

Eremu urriko hizkuntzak

Azkenik, Euskararen Nafar Kontseiluak Europako Kontseiluko Adituen Batzordeak prestaturiko txostena aztertu du. Txostena urtarrilaren 21ean jakinarazi zen eta, hartan, Espainian Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunak izan duen betetze maila aztertzen da eta Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak betetze maila horri buruz egindako aholkuak adierazten dira. Gogoratu beharrekoa da Gutuna nazioarteko itun bat dela, Estatuak 2001ean berretsitakoa eta, beraz, Estatua konpromiso bidez lotzen du hizkuntza koofizialen babesarekin eta sustapenarekin, baita Nafarroan euskarari dagokionez ere.

Emandako aholkuen artean dago neurriak hartzea euskararen erabilera bermatzeko Administrazio Publikoetan, komunikabideetan, kultura ekoizpenean, esparru sozioekonomikoan eta bizitza sozialeko beste batzuetan. "Espainiako gobernuetan eta Nafarroako aurreko gobernuetan onarpen eskasa izan dute" Euskarabideko zuzendari-kudeatzaileak adierazi duenez.

Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak egindako aholkuak betetzen ari direla adierazten duen adibide da komunikabideen gaia. Izan ere, 2012ko aholkuak ondokoa esaten zuen "bermatu behar da irrati emisora bat eta telebista kanal bat euskaraz; eta, beharrezkoa bada, Euskal Autonomia Erkidegoarekin batera". Bada, lizentziak banatzeko deialdia ebatzi da eta horietako bat Iruñerri guztian euskaraz emititzen duen irratiari esleitu zaio, Euskalerria Irratiari, hain zuzen ere. Halaber, Eusko Jaurlaritzarekin akordio bat lantzen ari da ETB ikusi ahal izateko eta euskarazko komunikabideendako eta euskara neurriren batean erabiltzen duten komunikabideendako laguntza deialdia prestatzen ari da.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora