Albisteak

Nafarroako Gobernuak oposizioak eginen ditu erdi mailako euskara teknikarien eta euskara itzultzaileen lanpostuak betetzeko

2024-07-02

Erdi mailako euskara teknikarien 11 lanpostu eta euskara itzultzaileen 5 lanpostu eskainiko dira, Euskarabidean lanean aritzeko. Plaza lortu ez dutenekin kontratazio-zerrendak osatuko dira.

Nafarroako Gobernuak bi deialdi argitaratu ditu, erdi mailako euskara teknikarien eta itzultzaileen lanpostu batzuk oposizio sistemaren bidez betetzeko, Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen zerbitzura aritzeko.  Erdi mailako euskara teknikari 11 lanpostu eskainiko dira, eta beste 5 euskara itzultzaileentzat izango dira. Plaza lortu ez dutenekin kontratazio-zerrendak osatuko dira; lehenengo proban notaren % 30 lortu beharko da gutxienez horretarako.

Plaza guztiek euskara eskakizuna dute; beraz, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera, euskararen C1 maila egiaztatzen duten titulu edo ziurtagirietako bat eduki beharko dute izenda gaiek.

Eskabideak telematikoki erregistratu behar dira, deialdiari dagokion fitxaren bidez, eta prozeduretan parte hartzeko 41,60 euroko tasa ezarri da.

 

Erdi mailako euskara teknikariak

Eskainiko diren 11 plazetatik, bost txanda irekikoak dira; beste bost, berriz, eskaera aurkezteko unean gutxienez bost urteko antzinatasuna aitortua duten Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioetara mugatuta daude.  Bestetik, plaza bat gordeko da erreserba-txandarako, % 33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa duten izendagaientzat.

Hautagaiek unibertsitateko gradudun edo diplomadun titulua, ingeniari teknikoarena edo arkitekto teknikoarena (edo baliokidetzat jotzen den titulu bat) izan beharko dute eskabidea erregistratzeko unean, edo, gutxienez, aurkezteko epea amaitzen den egunean lortzeko moduan egon beharko dute

Teknikarien plazak B mailakoak dira eta eskabideak aurkezteko epea ekainaren 21etik uztailaren 22ra bitartekoa izango da. Probak aurtengo irailetik aitzina hasiko dira.

Euskara teknikarien oposizioari buruzko informazioa ikusteko eta izena emateko, esteka honetan sartu:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/tecnico-de-grado-medio-en-euskera-oposicion-2024

 

Euskara itzultzaileak

Eskainiko diren 5 plazetatik, bi txanda irekikoak izango dira; beste hirurak, berriz, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioentzat dira, eskaera aurkezteko unean gutxienez bost urteko antzinatasuna aitortua dutenentzat.

Izangaiek honako baldintza hauek bete behar dituzte eskabidea erregistratzeko unean (edo, gutxienez, aurkezteko epea amaitzen den egunean lortzeko moduan egon behar dute): Espainiako nazionalitatea izatea, hamasei urte baino gehiago izatea, eta unibertsitate titulu hauetako bat izatea: gradua, lizentzia, ingeniaritza edo arkitektura, edo horien baliokidetzat jotzen den beste titulu bat. 

A mailako plazak dira itzultzaileenak eta eskabideak aurkezteko epea uztailaren 2tik 31ra bitartekoa izango da. Probak aurtengo abendutik aitzina hasiko dira.

Euskara itzultzaileen oposizioan izena emateko esteka hau ikusi:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/traductor-de-euskera-oposicion-2024?back=true&pageBackId=5722676

facebook
0
twitter

Atzera
Gora