Albisteak
Nafarroako Gobernuak hitzarmen bat sinatu du Soziolinguistika Klusterrarekin, ikerketa soziolinguistikoa sustatzeko
Hitzarmenak hiru proiektu finantzatzeko aukera ematen du 2021erako, eta 25.000 euroko aurrekontua du
Ana Ollo, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak, eta Soziolinguistika Klusterreko zuzendariak, Imanol Larrea, hitzarmen bat sinatu dute gaur goizean, euskara berreskuratzen eta normalizatzen lagunduko duten azterketa eta ikerketa estatistikoak egiteko, 25.000 euroko aurrekontuarekin. Mikel Arregi, Euskarabideako zuzendariak, eta Mikel Irizar, Soziolinguistika Klusterreko lehendakariak ere hartu dute parte akordioaren aurkezpenean.
Helburua da datu demolinguistiko eguneratuak lortzea, Nafarroan euskararen egoera ebaluatzeko eta errealitate soziolinguistikoaren bilakaera ezagutzeko, besteak beste. Neurketetan eta ikerketetan lortutako datuak oinarri moduan erabiliko dira errealitate soziolinguistikora egokitutako politika bat egiteko.
Hitzarmenean jasotako aurrekontua 2021ean garatuko diren hiru proiektu zehatz finantzatzeko izango da.
Proiektu horietako batean, kaleko hizkuntzen erabilera neurtuko da. Hizkuntzen erabilera baloratzeko adierazle esanguratsuetako bat erabilera da, eta ikerketa honi esker toki-mailan nolako bilakaera duen ezagutu ahal izango da. Gainera, lortutako datuak erabiltzen dira Euskararen Adierazleen Sistema (EAS) elikatzeko eta toki-erakundeek, agente sozialek eta herritarrek errealitate soziolinguistikoaren ezagutza zorrotza izan dezaten.
Finantzatuko den bigarren proiektuan, eremu euskalduneko haurren hizkuntza-praktikak eta –bizipenak aztertuko dira. Ikerketa horretarako, analisi kualitatiboko metodologiak erabiliko dira, eta Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailako ikasleekin egingo da, haien hizkuntza-arloko praktikak eta bizipenak zehatz-mehatz ezagutzearren.
Hirugarren proiektuan, Aldahitz aztertuko da, 2010az geroztik abian dena. Bertan, metodologiak sortzen dira lan-munduan hizkuntza-ohiturak aldatzeko. Hain zuzen ere, hizkuntza-gaitasun eta testuinguru ezberdinetako lankide-taldeen ezaugarrietara egokitutako esperientzia pilotuak jartzen dira abian, eta horietan metodologia berriak sortu eta hobetzen dira metatutako ezagutzatik abiatuta.
Ana 0llo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak honela adierazi du: "helburua da neurketetan eta ikerketetan lortutako datuak erabiltzea errealitate soziolinguistikora egokitutako eta herritar guztiei zuzendutako hizkuntza-politika bat garatzeko. Modu horretan, hitzarmen hau aproposa da helburu hori lortzeko, Soziolinguistika Klusterraren izaera berezia medio, eremu horretako ikerketan erreferentea izanik”.
Soziolinguistika Klusterraren lehendakaria den Mikel Irizarrek nabarmendu du, bestalde, hitzarmena urrats garrantzitsua dela bi erakundeen artean orain arte izandako lankidetza sendotzeko. "Finantzatutako proiektuek euskararen biziberritzean funtsezkoak diren gaiak jorratzen dituzte, eta errealitate soziolinguistikoaren ezagutza zorrotza Nafarroako Gobernuaren eta gizartearen esku jartzeko balio dute".
Soziolinguistika Klusterra
Soziolinguistika Klusterra euskara biziberritzeko ikerketa-zentroa da, 2004an sortua, eta euskararen ezagutza soziolinguistikoa sortu eta hedatzen du metodo zientifikoen bitartez. Administrazioek, profesionalek, eragile sozialek eta euskararen aldeko gizarte osoak dituzten premiei erantzuteko lan egiten du. Unibertsitateko ikertzaileek eta aplikatutako eremuko teknikariek proiektu bakoitzaren neurrira eratutako lantaldeetan parte hartzen dute. Klusterraren bereizgarriak dira lankidetza-sare zabala aprobetxatzea eta etengabeko berrikuntzan lan egitea.