Albisteak

Nafarroako Gobernuak helduentzako "Euskera ahora" kanpaina aurkeztu du euskararen ikaskuntza sustatzeko

2021-08-30

Herritarrekiko Harremanetako  Departamentuak, Euskarabidearen bidez, eta 33 toki entitatek zein beste gizarte eragilek kanpaina antolatu dute

Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak, Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutuaren bidez, helduen euskalduntzea sustatzeko kanpaina antolatu du 33 toki entitaterekin eta arloko hainbat eragilerekin batera: Zubiarte euskaltegi publikoarekin, hizkuntza eskola ofizialarekin, gizarte ekimeneko AEK eta IKA euskaltegiekin eta Lan Ta Land euskaltegiekin.

Gaur ezagutzera eman den kanpainaren aurkezleak honako hauek izan dira: Mikel Arregi, Euskarabideko zuzendari kudeatzailea; Eneko Egiguren Ruiz, Erronkaribarko Batzordeburua, toki entitateen ordez; eta Beatriz Buldain, AEKko euskara irakaslea, gizarte ekimeneko euskaltegien ordezkari aritu dena. Mahaikideen ondoan, Kepa Yécora Zubiarte euskaltegi publikoko zuzendariak eta Ascen Argandoña IKAko irakasleak ere parte hartu dute aurkezpenean.

Ikastaroetan izen emateko epea hastearekin batera, Nafarroako Gobernuak, toki entitateek eta euskaltegiek “Euskara ahora. Ikasi eta mugitu zure mundua! / Euskera ahora ¡Aprende y mueve tu mundo!” kanpaina aurkeztu dute. Kanpaina, batik bat, gazte jendeari zuzendu zaio, gazteak euskara ikastera bultzatzearren, euskara ikastea hautu erakargarria baita, bizipen eta aukera anitz ematen dituena.

Sustapen kanpaina irail osoan garatuko da. Horretarako, sare sozialak erabiliko dira, iragarkiak txertatuko dira Nafarroan argitaratzen diren egunkarietan bai eta Nafarroarako argitaratzen direnetan, bai eta tokiko aldizkarietan ere; eta irrati-iragarkiak sartuko dira Nafarroako irratietan. Kanpainak gazte jendearen artean oihartzun handiago izan dezan, NUPen Arrosadiko Campusean garapen berezia izanen du eta, horretarako, kanpainaren antolatzaileek erakunde horren laguntza izan dute.

Irakaskuntzaren egokitzapena eta segurtasun neurriak

Nafarroa Suspertu Planaren barnean, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren neurrietariko bat da, hain zuzen ere, helduentzako euskararen irakaskuntza egokitzea, euskara irakasten jarraitu ahal izatea bermatze aldera.

Horretarako, euskaltegiek euskara eskola saioak bide telematikoan egiteko egokitzapenak egin behar izan dituzte, bai eta baliabide berriak eskuratu. Hala, joan den ikasturtean, 2020-2021ekoan, eskola saioak gorabehera handirik gabe eman ahal izan ziren. Emaitza ikusita, 2021-2022 ikasturte honetarako ere, aurrez aurreko ikastaroez gain, online modalitateak eta erdi presentzialak eskainiko dira.

Euskarabidearen zuzendari kudeatzailea den Mikel Arregik Euskaltegiek egindako lana azpimarratu nahi izan du; izan ere, “eskaintza mantentzeaz gain, telelanaren eta erreminta birtualen bitartez aberastu egin dute”. Euskaltegiak, esan du, “ekarpen garrantzitsua egin diote Nafarroako gizarteari eta egiten jarraituko dute, orain bizitzea egokitu zaigun krisi-garai honetan ere”.

Eneko Egiguren Ruizek, Erronkaribarko Batzordeburuak, hitza hartu eta kanpainak xede jo duen gazteen taldea aipatu du: “Aurtengo kanpaina, adin guztietarako bada ere, gazteei begira egin da bereziki, eta horretan nabarmendu nahi izan dugu euskara ikastea aukera ezin hobea dela harreman pertsonalak ehuntzeko eta gizarteratzeko, euskal kulturara hurbildu eta ezagutzeko eta lan-aukerak zabaltzeko. Zentzu horretan, ez da ahaztu behar euskararen komunitatea dinamikoa eta gertukoa dela, eta euskara ikasleari babesa ematen diola”. Toki entitateen ordezkariak udalek euskara ikasten duten herritarrei ematen dizkieten dirulaguntzen gainean aipamen berezia egin du: “Toki entitateetan ederki dakigu pertsona helduek motibazio handiz ekiten diotela euskara ikasteari baina, jakin badakigu ere, herritarrek ahalegin pertsonal eta ekonomiko handia egin behar dutela prozesu horretan. Hori dela eta, dirulaguntzak ematen ditugu, matrikula merkeagoa egiteko”.

Gizarte ekimeneko euskaltegien ordezkari aritu den Beatriz Buldain AEKko euskara irakasleak nabarmendu duenez: “Euskaltegietan, gure eskura dauden neurri guztiak jarriko ditugu euskara eskolak osasun berme guztiz eskaintzeko”. Hala berean, nafar guztiak “euskara ikastera” animatu nahi izan du, “Nafarroa osoko 100 bat herri eta auzotan dauden euskaltegietan”.

Informazioa eta laguntzak

Laugarren urtez jarraian, Euskarabideak ikasleei zuzenduriko laguntza-deialdi bat jarriko du abian, 2021-2022 ikasturtean ikastaroak egiteko asmoz: ikastaro trinkoak, barnetegiak eta autoikaskuntzarako ikastaroak. Horretarako, erakunde autonomoak 223.295 euro jarri ditu, iaz baino 33.000 gehiago. Joan den ikasturtean ia 900 ikaslek jaso zituzten dirulaguntzak. Era berean, deialdi honetan ikasle bakoitzak 300 euro bitarteko laguntza lor dezake eta, gainera, laguntzak bateragarriak dira toki entitateek banatzen dituztenekin.

Ikasleek laguntza eskatzeko epea irailaren 27an zabalduko da, eta urriaren 24an amaituko.

Ikasle interesatuek informazioa ekuratzea errazteko asmoz, www.aprendeeuskera.navarra.es / www.euskaraikasi.nafarroa.eus webgunea martxan da dagoeneko. Webgunean euskaltegi publikoen eta gizarte ekimeneko euskaltegien gaineko informazioa, ikasleek eskura ditzaketen dirulaguntzen gainekoa eta halako laguntzak ematen dituzten udalen gaineko informazioa dago.

Halaber, irailean, 012 telefono-arretarako zerbitzuak ere eskaintzari eta dirulaguntzei buruzko informazioa emanen du, astelehenetik ostiralera 08:00etatik 19:00etara.

Neurri horien bidez, Nafarroako Gobernuak euskara ikasteko doakotasunera iristeko urratsak eman nahi ditu; izan ere, laguntza horietaz gain, herri ekimeneko euskaltegien beharretan laguntzeko 1.200.000 euroko deialdia ere onartu baita.

 

facebook
0
twitter

Atzera
Gora