Albisteak
Nafarroako Gobernuak helduek euskara ikastea sustatzeko "Euskera ahora" kanpaina iragarri du
Ikastaroak bizipen eta aukera berrien aukeraketa erakargarri gisa aurkezten dira
Nafarroako Gobernuak "Euskera ahora" kanpaina aurkeztu du helduek euskara ikas dezaten sustatzeko. Kanpainaren helburua euskara ikastera animatzea da, batez ere gazteen artean, beren ikasketak bizipen eta aukera berriak eskaintzen dituen aukera erakargarri gisa aurkeztuz.
Gaur ezagutzera eman den kanpainaren aurkezleak honako hauek izan dira: Mikel Arregi, Euskarabideko zuzendari kudeatzailea; Izaskun Anduaga, Ultzamako Udaleko zinegotzia, kanpainan parte hartzen duten toki entitateen ordezkari gisa; eta Nekane Otamendi, IKAko irakaslea, gizarte ekimeneko euskaltegien ordezkari gisa. Aurkezpenean, hizlariekin batera, Ainhoa Madariaga Zubiarte euskaltegi publikoko zuzendariak eta Beatriz Buldain AEK-ko irakasleak ere parte hartu dute.
Euskara ikastaroetan izena emateko epea irekitzearekin batera, Nafarroako Gobernuak, toki entitateek eta euskaltegiek “Euskara ahora” kanpaina aurkeztu dute gaur, euskara ikastera animatzeko, bereziki gazteak, euskara ikastea aukera erakargarri gisa aurkeztuz, bizipen berriak eskainiz eta aukerak zabalduz.
Sustapen-kanpaina irail osoan zehar egingo da. Horretarako, sare sozialak erabiliko dira, iragarkiak jarriko dira markesinetan, tokiko aldizkarietan, musika-irratietan eta baita NUPeko Arrosadiako campusean ere. Kanpainan eginen den gastua 54.000 euro izanen da.
Mikel Arregik euskaltegiek egindako lana nabarmendu nahi izan du, “pandemiaren ondoriozko egoeretara egokitu direlako eta, neurri handi batean, normaltasuna berreskuratu dutelako aurrez aurreko eskolekin eta dinamizazio jarduerekin. Era berean, udako ikastaroak eta barnetegiak berreskuratu dira. Aipatu duenez, pandemiaren ondorioz, online ikastaroen eta irakaskuntzarako material berrien eskaintza handitu egin da Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiei esker.
Euskarazko irakaskuntza doakoa izateko urratsak
Euskarazko irakaskuntzaren doakotasunerantz aurrera egiteko asmoz, herritarrek hizkuntza hori jakiteko duten eskubidearekin, Nafarroako Gobernuak handitu egin ditu helduentzako banakako laguntzetara bideratutako kopuruak, bai eta euskaltegientzako laguntzen deialdiarenak ere.
Banakako laguntzei dagokienez, deialdiak 300.000 euro aurreikusten ditu, iaz baino 56.000 gehiago. 2020-2021 ikasturtean zortzirehun pertsona baino gehiagok jaso zituzten laguntza horiek, 2021-2022 ikasturtean, aldiz, 1.000 pertsona baino gehiago izan dira. Euskaltegientzako laguntzei dagokienez, 2022-2023 ikasturterako deialdiak 2.100.000 euroko aurrekontua du, aurreko ikasturtean baino ia 900.000 euro gehiago.
Toki-erakundeen ekarpena
Toki entitateen ordezkari gisa, Izaskun Anduaga Etxeberria Ultzamako Udaleko zinegotziak hitz egin du, eta bereziki animatu ditu euskara ikasi edo maila hobetu nahi duten Nafarroako gazte guztiak, urratsa eman dezaten, beren filmaren gidoia alda dezaten eta mundu liluragarri batean sar daitezen, iragana presente eta etorkizun bihurtzen den istorio batean. Pelikula honetako protagonista izatea erraza da, komentatu du, “nahikoa da Nafarroako geografia osoan zehar dauden euskaltegietara edo hizkuntza eskoletara joatea. Bira bat eman diezaiokezue gidoiari amaiera zoriontsua izan dezan.
Abentura berri honetan, prozesuan lagunduko dizuen euskararen komunitate osoa izango duzue, bertan integratzen eta bertako kulturara sartzen ikusiko duzue.” Horretaz gain, gaineratu du hizkuntza ikasi eta praktikatzeko komunitate erreal eta birtual bat dagoela.
Amaitzeko, gogoratu du toki entitate askok laguntzak eskatzeko aukera ematen dutela, eta, horren ondorioz, euskara ikastea ia doakoa dela.
Gizarte ekimeneko erakundeen lana
Euskararen irakaskuntzarako gizarte ekimeneko ikastetxeen izenean, Nekane Otamendi Artola IKAko irakasleak azken hamarkadetan euskara oraindik euskara ikasi duten helduen ahalegina eskertzeaz gain, ikastea erabaki ez dutenei egin nahi die dei/dei egin nahi izan die (ordena aldatuko nuke): “ikasturte honetan gure hizkuntza bereganatzen has daitezen esanen nieke; hainbat arrazoi direla-eta euskara trakestu zaienei, gure hizkuntzan jantzi daitezen, euskaraz trebatu daitezen, eta, azkenik, oraindik alfabetatu ez diren euskaldun guztiei, euskaraz irakurtzen eta idazten ikas dezaten".
Informazioa eta laguntzak
Euskarabideak, bosgarren urtez jarraian, ikasleentzako laguntza-deialdi bat jarri du abian, 2022-2023 ikasturtean ikastaro estentsiboak, trinkoak, barnetegiak eta autoikaskuntza ikastaroak egiteko. Ikastaro hauetan matrikulatzen diren pertsonek 380 eurorainoko laguntzak lortu ahal izango dituzte, eta, gainera, laguntza horiek bateragarriak dira toki entitateek eskaintzen dituztenekin.
Euskara ikasteko laguntzak eskatzeko epea urriaren 1ean ireki eta azaroaren 30ean amaituko da.
Interesa duten ikasleei informazioa emateko ondoko webgunea gaitu da: www.euskaraikasi.nafarroa.eus / www.aprendeeuskera.navarra.es. Bertan, Nafarroan euskara ikasteko zentro publikoei eta gizarte ekimeneko euskaltegiei buruzko informazio osoa eskaintzen da, baita ikaskuntzarako laguntzak eta laguntza horiek eskaintzen dituzten herriak ere. Halaber, https://elaide.eus/ webguneak euskara ikasteko informazioa eta baliabideak eskaintzen ditu. Bestetik, irailean zehar, 012 telefono bidezko arreta zerbitzuak eskaintzari eta laguntza horiei buruzko informazioa emango du, astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 19:00etara.