Albisteak

Nafarroako Gobernuak euskarazko irakaskuntza bultzatzeko kanpainari heldu dio

2017-01-27

Kanpaina hurrengo ikasturtean 3 edo 4 urteko seme-alabak eskolatuko dituzten gurasoei zuzenduko zaie. 2017- 2018 ikasturteko aurrematrikula otsailaren 13tik 17ra bitartean izango da.

Nafarroako Gobernuak Euskararen Nafar Institutua-Euskarabidearen bidez, euskarazko irakaskuntzari buruzko informazioa emateko eta berau bultzatzeko kanpaina martxan jarri du gaur 2017-2018 ikasturteko Haur eta Lehen Hezkuntzako aurrematrikulaziora begira. Aurrematrikulazioaren epea otsailaren 13tik 17ra bitartekoa izango da.

Kanpaina hurrengo ikasturtean 3 edo 4 urteko seme-alabak eskolatuko dituzten gurasoei zuzenduko zaie.

Kanpainaren leloak euskarazko irakaskuntzaren ibilbide luzea eta haren izaera eleaniztuna nabarmentzen du: “Hezkuntza hiru hitzetan: kalitatea, konfiantza, arrakasta. Etorkizuna hiru hizkuntzatan: euskara, gaztelania, ingelesa”.

Kanpaina iragartzeko prentsa, irratia, aldizkariak, hedabide digitalak eta markesinak erabiliko dira,. Horrekin batera esku-orria eta bideoa ere argitaratu dira. Kanpaina euskarazko irakaskuntza hautatu duten zenbait pertsonaren lekukotasunetan oinarritu da. Lekukotasuna eman dutenak lagun hauek eta haien familiak izan dira: Oier Sanjurjo (futbolaria), Joana Octavio eta Raquel Pardo (Lehen Hezkuntzako maistrak), Eduardo Cairo, Amaia del Campo (ikus-entzutezko editorea), Pablo Lisarri (kimikaria) y Cristina Bayona (unibertsitateko irakaslea).

Kanpainaren xedea D ereduaren gaineko informazioa ematea da. D eredua irakaskuntza eredu eleaniztuna da, modu integratuan euskara (murgiltze goiztiarraren bidez), gaztelania eta atzerriko hizkuntzak (ingelesa eta, aukeran, frantsesa) irakasten dituena.

D ereduaren egokitasuna Nafarroako bi hizkuntza berezkoetatik abiatzea da, horrek dakartzan motibazioa eta gizartean erabiltzeko aukerak kontuan izanda. Horretaz gain, 40 urte luzeko berrikuntza pedagogikoaren eskarmentua du eta irakasleak eleaniztunak dira.

Hizkuntzen tratamendu integratuaren metodologia erabiltzen du, mintzaira bakoitzaren berezitasunetara espezifikoki egokitua, eta curriculumekoak ez diren hizkuntzak dituzten familien haurrak ere aintzat hartzen ditu.

Euskarazko murgiltze ereduak irakaskuntza euskaraz bideratzen du eta ingelesa eta gaztelania ere lantzen baititu, hiru hizkuntzak ikastea bermatzen du.

Kanpainan erabilitako dirua 50.000 eurokoa da.

Eremu ez euskaldunean D eredua

Nafarroako Parlamentuak 2015ean Euskararen Foru Legea aldatzearekin euskarazko irakaskuntza, D eredua, eremu ez-euskalduneko irakaskuntza sistema publikoan eskaintzeko aukera zabaldu zen.

Hori dela-eta, Euskarabideak guztira 12 informazio saio antolatu ditu (9 ikastetxe publikotan eta 3 ikastolatan). Saioak honako egun hauetan izango dira: urtarrilaren 30ean Lodosan (17:00etan Ángel Martínez Baigorri IPn eta 18:30ean Ibaialde Ikastolan), urtarrilaren 31n Caparroson (17:00etan Virgen del Soto IPn) eta Cintruenigon (17:00 "Otero de Navascues" IPn), otsailaren 1ean Tafallan (17:00etan Marqués de la Real Defensa IPn eta 18:30ean Garcés de los Fallos Ikastolan) eta Antzinen (17:00etan San Fausto IPn), otsailaren 2an Tuteran (17:00etan Elvira España IPn), otsailaren 3an Zangozan (17:00etan Luis Gil IPn), otsailaren 6an Larragan (17:00etan San Miguel IPn), otsailaren 7an Mendigorrian (17:00etan Julián María Espinal Olcoz IPn) eta Azkoienen (17:00etan Juan Bautista de Irurzun IPn) eta otsailaren 9an Zangozan (16:30etan Zangoza Ikastolan).

Hona hemen D ereduaren aldeko kanpainaren bideoa:

facebook
0
twitter

Atzera
Gora