Albisteak
Nafarroako Gobernuak azaroaren 18an hasi eta abenduaren 2an amaituko den hirugarren Euskaraldian parte hartzeko gonbidapena egin die entitateei
Euskararen erabilera sustatzeko ekimen honetan parte hartu nahi duten erakundeentzako izen-emateak zabalik daude
Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak, Euskarabidea - Euskararen Nafarroako Institutuaren bidez, eta Euskaltzaleen Topaguneak, Euskaraldiaren hirugarren edizioan, euskaraz eroso aritzeko guneak sortzeko deia egin diete era guztietako entitateei. Sei hilabete barru izanen da ekimena eta 2022ko azaroaren 18an hasi eta abenduaren 2an amaituko da hirugarren edizioa. Belarriprestak, ahobiziak eta ariguneak izanen ditu protagonista.
Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak, Nafarroako Gobernua ordezkatuz, eta Oskar Zapatak, Euskaltzaleen Topagunearen izenean, entitateen izen-emateen irekiera aurkeztu dute Nafarroako Errege Artxibo Nagusian, eta parte hartzeko formatua sinplifikatu dute. Euskaraldiaren bigarren edizioan ariguneak sortu eta izena eman zuten entitateek beraien parte hartzea berretsi beharko dute ariguneak.euskaraldia.eus webgunean; lehenengoz izena emango dutenek ere helbide bera erabili ahal izango dute
Aurtengo edizioaren aurkezpenean era guztietako eragileak ere izan dira, eta Nafarroako Gobernuko kideak, hala nola, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentua, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ordezkariak, besteak beste.
2020ko bigarren edizioan bezala, parte hartzen duten entitateen funtzio nagusia guneak sortzea da, parte-hartzaileek euskara erabili ahal izan dezaten. Espazio horiek arigune izendatzen dira.
Entitateak animatzeko aurreko edizioan parte hartu zuten entitate txiki batzuen bizipenak biltzen dituen bideo bat ere zabaldu da. Bertan, Atarrabian egitura ezberdineko entitateek 2020 edizioan Euskaraldia nola bizi izan zuten kontatu dute.
Pandemia betean milaka entitatek ariguneak sortu ondoren, euskararentzako espazio berriak sortu eta ariguneak areagotzeko helburua dute, aurten, Euskaraldiaren sustatzaileek. Proposamena enpresa, erakunde, elkarte, fundazio, klub, talde eta era guztietako entitate antolatuei luzatu zaie, beste behin ere. Era berean, herritar norbanakoek irailaren 28tik aurrera ahobizi edo belarriprest roletan izena emateko edo parte hartzea berresteko aukera izango dute.
Euskaraldia
Euskaraldia euskara ulertzen duten hiztunen arteko ahozko hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozial masiboa da, gizartearen gune guztietara zabaldua eta denborari dagokionez mugatua.
Beste era batera esanda, ekimen honen helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea da. Helduen aktibazioa du oinarri, eta ariketa egin ahal izateko gutxieneko baldintza euskara ulertzea da. Ariketa edo praktika kolektibo bat da Euskaraldia.
2018an egin zen lehen aldiz ariketa, Euskaraldia. 11 egun euskaraz lelopean; orduan norbanakoengan jarri zen fokua eta milaka izan ziren hizkuntza ohiturak aldatzeko helburuarekin ahobizi eta belarriprest moduan ariketan parte hartu zutenak.
Bigarren ariketa 2020an egin zen, eta, horretan, entitateei ere ariketan parte hartzeko gonbidapena egin zitzaien, euren eremuetan hizkuntza ohiturak aldatzeko urratsak ematen has zitezen eta entitateko kideen parte-hartzea sustatu eta babestu zezaten. Ariguneak sortu ziren.
Euskaraldiak ondoko helburuak ditu:
- Euskarazko hizkuntza praktikak hedatzeko hiztunen hizkuntza ohituretan eragitea.
- Norberaren hizkuntza portaera eta ohituren inguruan gogoeta eragin eta aldaketan lagungarri izatea.
- Inertziak apurtzea.
- Gizartean eragina duten era guztietako entitateek hizkuntza ohitura aldaketan babes neurriak hartzea.
- Ariketa kolektibo baten bidez gizarte aktibazioa bultzatzea.
- Herriz herriko euskaltzaleen artikulazioa bultzatzea.
- Euskararen aldeko eragileak ekimen bateratu baten bueltan antolatzea.
Ariguneak
Ariguneek, edo euskaraz aritzeko guneek, euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen dute uneoro, izan entitate barruan edo izan entitateak herritarrekin duen harremanean. Talde hauetako kideek ahobizi eta belarriprest modura jardungo dute Euskaraldiak iraungo duen bitartean, baina ariketa modu kolektiboan gauzatuko dute ariguneetan.
Ariguneak izan daitezke entitate baten baitan ohiko dinamika duten eta kide guztiek gutxienez euskara ulertzen duten taldeak (sailak, atalak, ekipoak, sekzioak, zerbitzuak, taldeak…). Edo, arigunea izan daiteke baita ere entitatean herritarrekiko harreman-espazioa, uneoro belarriprest edo ahobizi bat egongo dela bermatzen bada, hau da, herritarrek uneoro euskaraz artatuak izateko bermea badute (jendaurreko edo harrera postuak, supermerkatuetako kutxak, telefono bidezko arreten arduradunak, tabernariak, dendariak…).
Helburu nagusia entitate horien harremanetan euskararen erabilera handitzea da. Parte hartzeko, zuzendaritzaren eta entitateko gainontzeko kideen inplikazioa beharko dira.