Albisteak

Nafarroak, Euskadik eta Iparraldek hitzarmen bat sinatu dute euskara sustatzeko

2017-07-04

Ana Ollok, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak, Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, eta Mathieu Bergek, Iparraldeko Euskararen Bulego Publikoko lehendakariak, hiru lurraldeetarako berariazko lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute gaur goizean Nafarroako Jauregian.

Lankidetza teknikoko 5 esparru
Dokumentuak ez du ekarriko inolako betebehar ekonomikorik Nafarroako Gobernuarentzat, eta lankidetza teknikoko bost esparru ezartzen ditu.

Helduendako euskararen hezkuntza eta irakaskuntzari dagokionez, besteak beste hauek sustatuko dira: irakasleen eta ikasleen mugikortasuna eta trukatzeak, helduendako irakaskuntza-curriculuma garatzea eta irakasleen berariazko prestakuntza.

Hiru lurraldeek hizkuntza-gaitasun mailak ebaluatzeko probak eta sistemak ere prestatuko dituzte. Horrez gain, hirurek emandako tituluak elkarri aintzatetsiko dizkiote.

Bestalde, eskola-esparrutik kanpo, neska-mutilendako aisialdi-jarduerak eta trukeak sustatuko dira euskararen erabilera bultzatzeko. Halaber, hiru alderdiek ingurune digitalean dauden informazioak trukatuko dituzte.

Hitzarmenak euskararen eta gogoeta-eremuen sustapena ere barne hartzen du, hiru alderdiek koordinatutako sustapen-programen bidez eta gogoeta egiteko eta ezagutzak partekatzeko eremuak sortuz.

Hitzarmenaren bidez, egindako ikerketa soziolinguistikoen barruan lortutako eta bildutako datuak ere bateratuko dituzte elkarrekin. Bestalde, beste ikerketa-bide batzuk proposatuko dituzte euskararen egoera zein den jakiteko.

Azkenik, harreman estua ere aurreikusten du hitzarmenak, Europako finantzazioek eta POCTEFA programa berriek hizkuntza-politikaren erronkak kontuan har ditzaten.

http://www.navarra.es/home_eu/Actualidad/Sala+de+prensa/Noticias/2017/07/03/Convenio+Euskadi+e+Iparralde+euskera.htm
 

facebook
0
twitter

Atzera
Gora