Albisteak
Irekita dago Euroeskualdeak finantzatutako lankidetza-proiektuetarako laguntza deialdia
400.000 euroko guztizko diru-kopuruaz, kultura, hezkuntza, gazteria, kirol eta eleaniztasunaren inguruko proiektuetara bideratuko da
Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak 2018rako laguntza-deialdiaren lehen edizioa zabaldu du, 400.000 euroko guztizko diru-kopuruaz, kultura, hezkuntza, gazteria, kirol eta eleaniztasunaren inguruko proiektuak bultzatzeko. Dirulaguntzak gehienez lanen aurrekontuaren % 50 estaliko du, eta lanek gutxienez, Nafarroako bazkide bat eta Euskal Autonomia Erkidegoko nahiz Akitania Berriko beste bat izan behar dute.
Orain deitutako dirulaguntzak Euroeskualdearen 2014-2020ko Plan Estrategikoari atxikita daude, zeinetan garrantzi handia eman baitzaie herritartasunaren, eleaniztasunaren eta mugikortasunaren arloetako lankidetza-proiektuak garatzeari eta eskualdeetako eragile publiko eta pribatuen arteko lankidetza sustatu eta dinamizatzeari.
Deialdiaren oinarrien arabera, lehentasunezkoak izanen dira kulturaren sorkuntza eta zabalkundearen inguruko proiektuak, bereziki sortzaile gazteei loturikoak eta gazteei zuzendutakoak baldin badira; bai eta hezkuntza eta gazteriaren arloko proiektuak, ikastetxeen arteko mugikortasuna eta trukea erraztea xede dutenak; taldekako kirolaren ingurukoak; eta Euroeskualdeko lau hizkuntzen (euskara, gaztelania, frantsesa eta okzitaniera) erabilera bultzatzea helburu duten eleaniztasunaren esparrukoak ere.
Deialdi honen bitartez ez dira finantzatuko federatutako kirol txapelketak, ezta helburu turistiko hutsa duten jarduerak edo pertsona bakarrak egin beharreko proiektuak ere.
Laguntza hauetaz profitatuko diren lanak 2018ko maiatzaren 18ko 12:00ak baino lehen aurkeztu beharko dira. Entregatzeko unean, formulario elektroniko bakarra bete beharko da, euskaraz, gaztelaniaz nahiz frantsesez, baita proiektuari buruzko fitxa ere, bazkideen konpromisoarekin eta finantzaketa-planarekin batera. Proiektuaren iraupena ez da 12 hilabetetik gorakoa izanen, hautatu izana jakinarazten den egunetik hasita.
Nafarroako 18 proiektu, 2017an hautaturiko 23 proiektuen artean
Nafarroak 2017ari dagokion lehen laguntza-deialdian hautaturiko 23 proiektuetako 18tan parte hartu zuen, % 78ko parte-hartze maila lortuz. 18 proiektu horietarik, 16 lan Akitania Berria, Euskadi eta Nafarroaren artean gauzaturikoak izan ziren, eta beste biak, Frantziako eskualdearekin batera egindakoak. 10 proiektu kultura esparruari lotutakoak ziren, 5 hezkuntza eta gazteriaren arlokoak, 2 eleaniztasunaren ingurukoak eta 1 kirol arlokoa.
Proiektuak honako erakunde hauek aurkeztu zituzten: Gaztelu Elkartea; 601 Producciones Audiovisuales; Fundación Auditorio Barañain; Distribución y Gestión de Espectáculos S.L.U.; Nafarroako Dantzarien Biltzarra; Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala; Uharteko Arte Garaikideko Zentroa; Euskadi eta Nafarroako Diseinatzaileen Elkartea; Nafarroako OrkestraSinfonikoa; Nafarroako Eskola Politeknikoa; Kamira SCIS; IESO Iñaki Ochoa de Olza DBHI; Sakanako Garapen Ekonomikorako Agentzia; Peraltako IES Ribera del Arga BHI; Euskaldunon Biltoki Elkartea; Herrikoa; eta Ezkaba Txirrindulariak.
2017ko edizioaren guztizko kopurua aurtengo bezalakoxea da, 400.000 eurokoa. Gogoratu behar da hiru eskualdeen azalera osoa 100.000 kilometro koadrokoa dela, 8,5 milioi biztanleko biztanleria dutela eta 11 unibertsitate dituztela (250.000 ikasle). Euroeskualdearen BPGd-a 235.000 milioi eurokoa da.