Albisteak
Gobernuak eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, euskara hizkuntza nagusia den udalerrietara zuzenduriko Arnasa Gara ekimena aurkeztu dute Nafarroan
Hainbat udalerrik hartuko dute parte, biztanleak euskararen bultzadan duten garrantziaz kontzientziatzeko
Nafarroako Gobernuak, UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) eta Foru Komunitateko hainbat udalerri euskaldunek Arnasa Gara ekimena aurkeztu dute Beran astearte honetan. Ekimenaren helburua arnasguneak (euskara hizkuntza nagusia duten udalerriak) indartzea da, haien ahalduntzea, aintzatespena eta bertako biztanleek euskara bultzatzeko duten zereginari eta garrantziari buruz kontzientziatzea bultzatuz.
Euskal Autonomia Erkidegoan ere aurkeztu zen ekimena, Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak, Iparraldeko Euskararen Bulego Publikoak eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) bultzatu dute, ekimenean parte hartzen duten 22 udalerrirekin batera. Nafarroaren kasuan, Arnasa Gara Leitzan (azaroak 16), Etxarri Aranatzen (azaroak 17) eta Goizuetan (azaroak 23) aurkeztuko da.
Aurkezpen prentsaurrekoan, Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak horrelako ekimen batek Nafarroan duen garrantzia nabarmendu nahi izan du. "Euskararen I. Plan Estrategikoaren helburu nagusietakoa euskararen egoera hobetzea zen, arnasgune deiturikoetan gure hizkuntzaren erabilera indartuz. Badakigu zuen herrietan euskaraz bizi daitekeela, eta hala erakusten duzue egunero". Arnasguneak ere balioan jarri nahi izan ditu kontseilariak. "Baloratu dezagun egunero bizi duzuen errealitatea, zuen bizilagunek duten zortea. Eta ziur gaude ekimen hau lagungarria izango dela ahalduntze prozesu horretan", esan du.
Azkenik, kontseilariak azpimarratu duenez, Nafarroako herritarrek "harro sentitu behar dute beren hizkuntzetako batez, euskara kohesiorako balioa baita gure komunitaterako". Eta bide horretan, "Bidelagun onenak zuek, udalerri euskaldunak, zarete", adierazi du amaitzeko.
Mikel Arregi Euskarabideko zuzendari gerenteak nabarmendu duenez, udalerri horien ahalduntze prozesuan, Nafarroako Gobernua lanean ari da udalerriekin batera, beste hainbat ekimenetan. "Uste dugu ahalduntze prozesu honetan, kanpaina hauekin batera, hizkuntza politikan ekintza koherenteak gauzatu behar ditugula".
Bestalde, UEMAko ordezkari Miren Segurolak azpimarratu duenez, duela 28 urte UEMA sortu zenetik, “Arnasguneak ditugu gure lanaren ardatz, euskararen normalizazio prozesuaren baitan”. Hala ere, esan duenez, "Arnasa Gara erakundeen babesarekin egiten dugun lehen proiektua da, eta, beraz, oso albiste positiboa da".
Amaitzeko, kanpainaren aurkezpena jasoko duten udalerriak ordezkatu dituen Silvia Marañon Exarri Aranatzeko alkateak azpimarratu duenez, herri gisa, “dugun altxorraz jabetu behar dugu, horrela gure hizkuntzari arnasa ematen jarraitu ahal izateko".
Prentsaurrekoan Aitor Elexpuru Berako alkateak ere hartu du parte, eta eskerrak eman ditu Berako herria ekimena aurkezteko egoitza gisa aukeratzeagatik. Bertan izan dira Unai Miranda eta Ladis Satrustegi Goizuetako eta Lesakako alkateak ere.
Zer da arnasgune bat?
Arnasa Gara ekimenaren barruan, arnasgunetzat hartzen dira euskararen ezagutza eta erabilera %80 ingurukoa edo hortik gorakoa duten udalerriak. Udalerrien ezaugarrien artean, horietan euskara da bizilagun gehienen lehen hizkuntza, eta erabat naturala da eremu guztietan euskaraz bizitzea. Gainera, hizkuntza belaunaldiz-belaunaldi transmititzen den elementua da. Normalean, nahiko biztanleria gune txikiak izan ohi dira.
Soziolinguistikaren arloan, udalerri horiek bereziki garrantzitsuak dira euskara biziberritzeko prozesuan.
Bi fase
Ekimenak bi fase ditu. Lehenbizikoak arnasgune horiek ahalduntzea eta aitortzea du helburu, eta, horretarako, hainbat herri bisitatuko dituen kanpaina jarri da abian, ekimena azaltzeko. Fase horretako protagonista nagusietakoa "kartzela" telesail digitala izango da. Bigarren fasean, ekimenak Nafarroa osora helaraziko du udalerri horien errealitatea eta garrantzia.