Albisteak

Gobernuak emandako 131.800 eurorekin helduak euskalduntzeko laguntzak berreskuratu dira

2015-11-11

Azaroaren 26ra arte, `euskaltegi´ eta `gau-eskolek´ aurtengo urri eta abendu artean emango dituzten eskoletarako diru-laguntzak eskatu ahalko dituzte

 

 

Nafarroako Aldizkari Ofizialak asteazken honetan, azaroak 11, argitaratu du helduak euskalduntzeko diru-laguntzen deialdia; horrenbestez, `euskaltegi´ eta `gau-eskolek´ 2015eko urri eta abendu artean antolatutako ikastaroengatik laguntzak eskuratu ahalko dituzte. Eskaera-epea bihar, osteguna, zabalduko da, eta azaroaren 26an amaituko.

Nafarroako Gobernuak, hala, 2012ko irailetik egikaritu ez den deialdi bat berreskuratu du. Urte hauetako aurrekontuetan esleitutako zenbatekoa 245.000 euro izan da urtean, nahiz eta helduen euskalduntzean ez den inbertitu. Aurtengo urri eta abendu artean emandako eskolak babesteko, Euskarabideak 131.867 euro esleitu ditu.

Laguntza horiek Foru Komunitatean dauden eta helduei euskara erakusten dieten erakunde juridikoek (euskaltegiak, gau-eskolak eta beste batzuk) eskuratu ahal ditzakete.
 
Diru-laguntzak jaso ditzaketen ikastaroak ondorengo modalitatekoak dira: aurrez aurrezkoak, arruntak (120 ordu gutxienez ikastaroko, astean 4 eskola-ordu); trinkoak (60 eskola-ordu gutxienez); edo barnetegi eran (70 ordu gutxienez ikastaroko, eta haietatik 60 behintzat eskola-orduak).
 
Modalitate telematikoan, ikastaro bakoitzeko 120 lan-ordu izango dute gutxienez, eta haietatik 15 ordu solaserako izango dira (6 ordu telematikako lanean eta beste 1 solaserako astean). Aurrekoen antzeko beste talde batzuk ere diruz lagundu ahalko dira.
 
Laguntzak eskuratu nahi dituzten erakundeek taldeko aurreikuspen bat egin behar dute, zenbat ikasle diren, talde bakoitzeko orduak eta guztira zenbat ordu diren. Abenduaren 22a baino lehen, egindako ekintzak justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko dute. Eskaera www.navarra.es atariko Zerbitzuen Katalogoko fitxaren bidez izapidetu ahalko dute.

 

 

facebook
0
twitter

Atzera
Gora