Albisteak
FONTES LINGUAE VASCONUM 50. URTEURRENEKO OROIPEN KONGRESUA
2019an 50 urte beteko dira Fontes Linguae Vasconum aldizkari zientifikoaren lehenengo zenbakia argitaratu zenetik.
Urte hauetan guztietan, euskararen inguruko ikerketek izan duten itzelezko bilakabidearen lekuko izan da aldizkaria, bere orrialdeetan etengabe argitaratu baitira euskarari buruzko ikerketaren esparruko lan esanguratsuetako asko, izan ikerketarako material eta corpusak, izan euskarari buruzko ikerlanak. Aldizkaria, beraz, erreferentziazko tresna izan da, hamarkadaz hamarkada, euskararen ikerketen inguruko azken ordukoak ezagutzeko: hartara, euskararen gaineko ikerketaren bilakabidea eta aldizkariarena banaezina da.
50. urteurrena ospatzeko, 2019ko martxoaren 6an eta 7an nazioarteko biltzar hau ospatuko da Iruñean, bi helburu nagusirekin: alde batetik, euskararen inguruko hainbat ikerketa-alorretan erdietsi diren azken emaitzen berri izatea eta, bestetik, euskararen ikerketari aplikagarriak zaizkion metodo eta lanabes berriak ezagutzea.
Osoko hitzaldiez gain, bederatzi mintegi tematiko ere antolatu dira kongresuaren barnean. Horiek aditu baten hitzaldia izanen dute, eta komunikazio proposamenak aurkezteko aukera izanen da.
Gisa berean, ekarpen garrantzitsuenak aurretik errebisatutako monografiko batean argitaratuko dira.
Bestalde, Fontes aldizkariak eginiko dokumentu zahar originalen bilduma ikusgai paratu da: Paperezko altxorrak erakusketa.