Albisteak

Euskarabidearen laguntza duten toki entitateetan euskara sustatzeko Udaltop jardunaldietako izen-ematea zabalik

2022-04-07

Topaketa horiek maiatzaren 12an eta 13an eginen dira, aurrez aurre eta online, eta haur zein gazteentzako hizkuntza-eskaintza egokia egituratzeko gakoak emango dituzte

Toki-erakundeetan euskara zerbitzuak sustatzeko Udaltop jardunaldien XIV. edizioa maiatzaren 12an eta 13an izanen da. Topaketa hauek Nafarroako Gobernuaren erakunde autonomoa den Euskarabideak- Euskararen Nafarroako Institutuak, eta honako erakunde publiko hauek antolatu dituzte: Eusko Jaurlaritza, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Communauté D «Agglomeration Pays Basque» erakundea eta Lasarte-Oriako Udala. Matrikulazioa www.udaltop.eus webgunean egin behar da eta aurrez aurrekoa edo on line modalitatekoa hautatu beharko da.

Aurtengo edizioan 16 urte bitartekoei jarriko zaie fokua. Hain zuzen, haur-gaztetxoen artean euskara sustatzeko politika publiko egokiak antolatzeko gakoak ematea izango da xedea.

Eskolak bakarrik ezin badu… Zer eta nola egin behar dugu hobeto 16 urte bitartekoentzat hizkuntza politika egokia antolatzeko? izenburupean, 2022 urteko egitarauak lau ardatz izango ditu aztergai: ikuspegi orokorra, eskola, eskola-orduz kanpoko jarduerak eta talde-lana.

Hamalaugarren edizio honetan, Udaltopek Lasarte-Oriako plaza berreskuratuko du. Bi urteko etenaldiaren ondotik, Manuel Lekuona Kultur Etxeak bi eguneko jardunaldia hartuko du 2022ko maiatzaren 12an eta 13an eta online jarraitzeko aukera ere izango da

Jardunaldiaren egitaraua www.udaltop.eus webgunean dago eskuragarri. Horren hasieran, haur-gaztetxoen ezaugarri soziolinguistikoen gaineko ikuspegi orokorra emango dute erakunde publikoetako ordezkariek. Nafarroaren kasuan Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak azalduko du Foru komunitateko egoera.

Egitarauan Kataluniako egoeraren berri izateko saio bat txertatu da, bai eta, eskolako eta eskolaz kanpoko esparruen arteko lankidetzaren adibide diren proiektuak ere; horien artean, Nafarroan burututako bi: haurrak euskaraz eskolaturik dituzten familientzako informazioa eta baliabideak eskaintzen dituen Era webgunea, Nafarroako 28 toki entitatek sustatua; eta euskara aisialdian, digitalean ere, sustatzeko Euskaraz kilika! egitasmoa, Dindaia Fundazioak burutua. Bi proiektu horiek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza dute.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora