Albisteak
Euskarabideak kudeatuko du 2023-2024 ikasturtetik aurrera “Musikariak ikastetxeetan” programa, Hezkuntza Departamentuarekin hitzarmen bat sinatu ondoren
Horrez gain, Euskarabideko zuzendari kudeatzaile Javier Arakamak eta Hezkuntzako zuzendari Gil Sevillanok datu soziolinguistikoak lortzeko lankidetza hitzarmen bat sinatu dute
Gaur goizean bi hitzarmen sinatu dituzte Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea den Javier Arakama Urtiagak eta Hezkuntzako zuzendari nagusia den Gil Sevillano Gonzálezek, erakunde autonomoak eta Zuzendaritza Nagusiak elkarlanean bi helburu erdiesteko: batetik, “Musikariak ikastetxeetan” programaren bidez eskola-adinean daudenen artean euskara jakitea eta erabiltzea bultzatzea, eta, bestetik, Euskararen Adierazle Sistema (EAS) hezkuntza arloko datu soziolinguistikoz hornitzea.
‘Musikariak ikastetxeetan’ programa
Nafarroako Gobernuko bi aldeek sinatutako hitzarmenari esker, 2018-2019 ikasturtetik egiten den “Musikariak ikastetxeetan” kultur programa orain Euskarabideak kudeatuko du, DBHko 3. eta 4. mailan, baita batxilergoan ere, A eta D ereduak dituzten Nafarroako ikastetxe guztietan.
Hortaz, Euskarabideak “Musikariak ikastetxeetan” programa kudeatzeko kontratu publikoa lizitatuko du. Programaren xede nagusia da ikasleek euskarazko musikariekin esperientziak izatea, zuzeneko musika gelan bertan gozatu ahal izateko; izan ere, horrek musikari zein euskal kulturari buruzko jakintza zabaldu eta adierazpen artistiko eta kultur adierazpenari buruzko interesa sustatuko du. Elkarreragin horri esker, aipaturiko hezkuntza etapetan hizkuntzaren ezagutza eta erabilera bultzatu nahi dira.
Programa DBHko 3. eta 4. mailan zein batxilergoan eskainiko da, A eta/edo D ereduak dituzten Nafarroako ikastetxe guztietan, eta 2023-2024 ikasturteko bigarren eta hirugarren hiruhilekoetan zehar gauzatuko da.
Hezkuntza arloko datu soziolinguistikoak
Halaber, Euskarabideak eta Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak hitzarmen bat sinatu dute Euskararen Adierazle Sistema (EAS) datuz hornitzeko.
303/2019 Foru Dekretuak, azaroaren 6koak, Euskarabidea - Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituenak azterlan soziolinguistikoen gaineko eskumena erakunde autonomo honi dagokiola xedatzen du. Horretarako, Euskarabideak, beste eginkizun batzuen artean, hizkuntza politikako eskumen-esparruetan euskararen tratamendua ukitzen duten Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoetako jarduketak aztertu eta ebaluatuko ditu, eta jarduketa horien gaineko txostenak eginen ditu.
Euskarari buruzko datu soziolinguistikoak lortzeko eta zabaltzeko, Nafarroako Gobernuak lankidetzan dihardu euskara historikoki mintzatu den lurraldeetako beste erakunde publiko batzuekin, euskararen ezagutzaren eta erabileraren egoera eta bilakaera ezagutzeko aukera emango duten azterlan soziolinguistikoak egiteko. Lankidetza instituzional horren barruan, Nafarroako Gobernuak, Euskarabidea - Euskararen Nafar Institutuaren bidez, Eusko Jaurlaritza eta Euskararen Erakunde Publikoa erakundeekin Euskararen Adierazle Sistema (EAS) izeneko proiektuan parte hartu zuen. Proiektua POCTEFA Europako programaren dirulaguntzei esker burutu zen.
EASen helburu nagusia euskararen egoera eta bilakaera jasotzea, antolatzea eta ezagutzera ematea da, eta, une jakin batean, gizartearen esparru desberdinetan hizkuntzak zein zabalkunde eta zein bilakaera duen zehatz-mehatz azaltzeko tresna eskaintzea. Gaur egun, EAS 44 adierazlek osatzen dute, eta adierazle horiek aldiro-aldiro elikatu eta eguneratu behar dira.
Datuak lortzeko premia horrek Euskarabidea Foru Komunitateko hainbat erakunderekin lankidetza-hitzarmena formalizatzera bultzatu zuen. Erakunde horien artean Hezkuntza Zuzendaritza Nagusia dago, 2017an sinatutako hitzarmen bat duena eta orain berritu duena. Hitzarmen horren eraginpean Hezkuntza Departamentuak eguneratutako datu soziolinguistikoak emanen dizkio Euskarabideari, Euskararen Adierazle Sisteman sartzeko. EASa kontsultatzea publikoa eta doakoa da, eta esteka honetan egiten ahal da.