Albisteak

Euskarabideak inauguratu zuen Santiago Bideko kultura- eta hizkuntza-aniztasuna jorratzen dituen erakusketa.

2011-06-21

Iruñeko erromesentzako udal aterpetxean jarri da, Compañia kalean, datorren uztailaren 5era arte eta, ondoren, Orreaga, Gares, Santiago de Compostela eta Kielen egongo da ikusgai .

Iruñeko erromesentzako aterpetxean Santiago Bideko kultura- eta hizkuntza-aniztasunari buruzko erakusketa bat jarri dute datorren uztailaren 5era arte. Erakusketa atzo arratsaldean inauguratu zuten Xabier Azanza Euskarabideko zuzendari kudeatzailea eta Anxo Lorenzo Galiziako Xuntako Hizkuntza Politikako idazkari nagusia bertan zeudelarik..
Erakusketa informatzeko hainbat panelek osatzen dute. Jolas elkarreragile bat ere egongo da, eta, horren bidez, Santiago Bideko hizkuntza eta kulturak emango dira ezagutzera. Arreta berezia jarri zaie eskualdeetako eta/edo gutxiengo hizkuntzei, hala nola, galegoari, euskarari, aragoierari, okzitanierari, bretoierari, frisierari, baina, horiez gain, gaztelera, alemana, frantsesa eta ingelesa ere agertzen dira.
Erakusketa ibiltaria izango da eta, orain, Iruñeko erromesentzako udal aterpetxean bisita daiteke 12:00etatik 21:30etara uztailaren 5era arte. Horren ondoren, Orreagan (uztailaren 11tik 31ra) eta Garesen (abuztuaren 3tik 31ra) egongo da ikusgai; baita Santiagon (irailaren 5etik urriaren 24ra) eta Kieleko Unibertsitatean, Alemanian, ere (urriaren 28tik abenduaren 22ra).
Ekimena eskualdeetako hizkuntzen garapenaz arduratzen diren Europako sei erakundek bultzatu dute: Euskarabideak, Galiziako Xuntako Idazkaritza Nagusiak, Bretoieraren Bulegoak, Aragoiera Filologiako Ikasketen elkarteak, Kieleko Christian-Albrechts Unibertsitateak eta Euroccatek (okzitaniar eta katalan herrien Eurocongreso 2000). Gainera, Hezkuntza, ikus-entzunezkoen eta kulturaren eremuko agentzia exekutiboak (EACEA) jardueraren % 50 finantzatu du.
Erakusketa Europako "Kulturen eta hizkuntzen bidea" proiektuaren barruan egin da. Proiektu horren xedea Santiago Bideko hizkuntzek eta kulturek Europako ondarera egindako ekarpena azpimarratzea da, eta arreta berezi jarri zaie eskualdeko eta/edo gutxiengo hizkuntzei. Ekimen horren barruan www.santiagolanguages.com eta www.camino-eu.com webguneak sortu dira; Santiago Bideari loturiko Europako eskualdeen kulturaren historiari buruzkoak dira.
 

facebook
0
twitter

Atzera
Gora