Albisteak
Euskarabideak Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sarearen (NPLD) batzarrean parte hartu du
Bruselan egindako bilera honetan, urteko programa adostu da, eta Balearretako Gobernuaren ordezkari Miquel Ángel Sureda izendatu da sarearen zuzendari
Mikel Arregi Euskarabidea- Euskararen Nafarroako Institutuko zuzendari kudeatzaileak aste honetan Bruselan, Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sarearen (ingelesez Network to Promote the Linguistic Diversity, NPLD) urteko batzarrean parte hartu du.
Maiatzaren 18an antolatu den batzarrean, NPLD sarearen urteko programa adostu eta zuzendaritza karguak berritu dira: Balear Uharteetako Gobernuaren ordezkaria, Miquel Àngel Sureda Massanet jauna, izanen da zuzendaria, eta zuzendariordetza, Irlandako Gobernuaren ordezkariak, Tríona Ní Mhathuna andreak beteko du.
Maiatzaren 19an, “Europako hizkuntza ereduak Hezkuntzan" (European language models in Education) mintegia antolatu du NPLDk. Mintegia Galesko Gobernuak Bruselan duen egoitzan burutu da eta Hezkuntza eleaniztuneko adituek ez ezik, Europako hainbat erakunde publikotako zein sozialetako ordezkariek ere hartu dute parte, besteak beste: Betha Webb Galesko Gobernukoak, Edel Ní Chorráin Irlandako Gobernukoak, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzakoak, Fulup Jakez Bretoieraren Erakunde Publikokoak, Vesna Crni?-Groti? Erregioetako edo Gutxiengo Hizkuntzen Europako Kartaten gaineko Adituen Batzordeko kideak.
NPLD sare europarraren helburua Europan hizkuntza aniztasuna sustatzea da, maila guztietan informazioa eta esperientziak trukatuz, ulermena errazteko eta nazioartean aniztasun honen aitorpen handiagoa lortzeko.
Nafarroa eskubide osoko kidea da 2010. urteaz geroztik, eta Sarearen jardueretan parte hartzen du Euskarabidearen bidez. Sare honetan, bazkidetutako Europa osoko hainbat erakunde ordezkatuta daude; besteak beste, tokiko agintaritzak, ikerketa-zentroak, unibertsitateak eta gobernuz kanpoko erakundeak.
Bisita Bruselako Nafarroako Ordezkaritzara
NPLDko ordezkari nafarrek Europako hiriburuan egindako egonaldia baliatu dute, halaber, Nafarroako Ordezkaritzak Bruselan duen egoitza bisitatzeko. Bertako arduradunek harrera egin diete eta bulegoak Nafarroako Gobernuaren Kanpo Ekintzako Planaren hiru ardatzen inguruan egindako jardueren berri eman diete: Nafarroa Europan, mugaz gaindiko Nafarroa eta Nafarroa munduan.