Albisteak

Euskarabideak eta Nafarroako toki entitateetako udaletako euskara zerbitzuek ERA eskolaren II. edizioa antolatu dute

2021-10-04

Era eskolak, aita-amentzako online eskolak, euskaraz eskolaturik dauden haurren gurasoentzat informazioa eta baliabideak eskaintzen ditu

Euskarabideak eta Nafarroako toki entitateetako euskara zerbitzuek Era eskolaren II. Edizioa antolatu dute. Honakoa hizkuntza horretan eskolatutako haurren familiei prestakuntza eta baliabideak eskaintzen dizkien gurasoen online eskola da.

Aurtengo edizioan, online saioen bidez, Paula Kasares, Yolanda Olasagarre eta Intza Alkain adituek gai hauek jorratuko dituzte: familian euskara sendotzeko arrazoiak eta bideak, familiaren eta eskolaren arteko sinergiak eta haurrak irakurzaletzeko moduak.

Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutuak bere xede nagusien artean ditu euskararen erabilera haur-gazteen artean sustatzea eta bide teknologietan bultzatzea nahiz eduki digitalak ekoiztea. Hala jaso zuen Nafarroa Suspertu (2020-2023) Planak eta hala aurreikusi du Euskarabideak ere, prestatzen ari den Euskararen II. Plan Estrategikoko (2020-2027) plangintzan ere.

Bigarren aldiz, iaz bezala aurten ere Era eskola antolatu da familiak beren haurren euskara ikasteko prozesuan duten egitekoaz sentsibilizatzeko eta gurasoei horretarako laguntza baliabideak emateko.

Era on line eskolak eskaintzen duen prestakuntza programak era.eus atarian dagoen informazioa osatzen du. Era.eus ataria Nafarroako toki entitateetako euskara zerbitzuek sortu zuten Euskarabidearen laguntzaz.

Era eskola ekimenaren antolatzaile Euskarabidea eta ondoko toki entitateetako euskara zerbitzuak dira: Agoitz, Antsoain, Aranguren Ibarra, Artzibar, Auritz, Barañain, Baztan, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Galar Zendea, Oltza Zendea, Erroibar, Esteribar, Etxauri, Estella-Lizarra, Uharte, Lizoainibar-Arriasgoiti, Luzaide, Orkoien, Iruña, Gares, Tafalla, Atarrabia, Zizur Nagusia; Bortzirietako, Irantzuko, Malerreka, Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea, Sakanako eta Izarbeibarko mankomunitateak; eta Aezkoako, Erronkariko eta Zaraitzuko batzar nagusiak.

Era Eskola Saioak    

Saioak hauek dira: urriak 6, Paula Kasaresena; urriak 13, Yolanda Olasagarrerena eta urriak 20, Intza Alkain. Saioak ERA.eus-en YouTube kanalean emitituko dira, arratsaldeko 5etan. Hizlari bakoitzak hiru azpigai landuko ditu, 10 minutuko hiru lanketa eginez, saioa osatzeko.

Saio guztiak euskaraz eta gaztelaniaz izanen dira, aldi berean, baina eduki egokitua izanen dute ikuslearen hizkuntzaren arabera. Azpigai guztiak ERA.eus-en Youtube kanaleko bi Playlist-etan estreinatuko dira, bata euskarazko mintzaldiekin, bestea gaztelaniazkoekin.

Ikusleek kontsultaren bat egin nahi badute, YouTube kanaleko mintzaldien bideoetan iruzkinak egiteko aukera izanen dute, eta hurrengo egunetan erantzunen da, iruzkinean bertan.

Programa 

Urriak 6, asteazkena: “Familia euskaldunetan euskara sendotzeko arrazoiak eta bideak”. Hizlaria: Paula Kasares. Landuko diren gaiak eta emisio ordua:

17:00 Euskararen transmisioa: mitotik errealitatera.

17:10 Zergatik da garrantzitsua euskararen arloan guraso aktiboa izatea?

17:20 Familiaren esku dagoena: motibazioa eta erabiltzeko aukerak.

Urriak 13, asteazkena: “Familia eta eskola norabide berean eta sintonia berean”. Hizlaria: Yolanda Olasagarre. Landuko diren gaiak eta emisio ordua:

17:00 Bakoitzak berea, denon artean dena.

17:10 Zergatik sustatu ahozko gaitasuna eta motibazioa familian.

17:20 Nola egin ahozko gaitasuna eta motibazioa familian aberasteko.

Urriak 20, asteazkena: “Haurrak euskarazko irakurketara zaletzeko gako eta dinamikak familientzat”. Hizlaria: Intza Alkain. Landuko diren gaiak eta emisio ordua:

17:00 Zer da irakurketa zaletasuna? Zaletasunaren eta gaitasunaren arteko aldeak.

17:10 Nola zaletu euskarazko irakurketara? 5 gako etxetik eragiteko.

17:20 Irakurzaletzeko euskarazko liburuak eta baliabideak

Hizlariak 

Paula Kasares. Euskal Filologian nahiz Antropologian graduduna eta Soziolinguistikan doktorea da. UPNA/NUPeko Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko irakasle dihardu. Haurren hizkuntza sozializazioaren eta familien hizkuntza politikaren arloetan ikertzailea. Hiru libururen eta hainbat artikulu zientifikoren egilea.

Yolanda Olasagarre. Irakasleen prestatzailea da EIBZn (Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroa), Hezkuntza Departamentuan. Ikasleen euskarazko ahozko komunikazio gaitasunaren eta motibazioaren didaktikan aditua.

Intza Alkain. Haur Hezkuntzan graduatua EHUn eta Haur eta Gazte Literaturan espezializatua Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Egun, Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura elkartearen Irakurzaletasuna sustatzeko lantegietako dinamizatzailea da eta Liburu Gaztea eta Booktuberboom proiektuak kudeatzen ditu.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora