Albisteak
Euskarabideak aurreikusten du Euskararen Plan Estrategikoa aurtengo abenduan egongo dela bukaturik
Pasaden ostegunean hasitako lan saioek ehun lagun inguru bildu zituzten: Gobernukoak, erakunde publikoetakoak eta arlo guztietako gizarte-erakundeetakoak
Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak aurreikusten duenez, Euskararen Plan Estrategikoa abendurako bukaturik izango da. Atzo izan zen Plana egiteko lehen lan saioa, eta ia ehun lagun elkartu ziren: Nafarroako Gobernuko departamentuetako langileak, beste erakunde publiko batzuetakoak eta arlo guztietako gizarte erakundeetako ordezkariak.
Bilera Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren egoitzan egin zen, eta Euskarabideko zuzendari-kudeatzaile Mikel Arregik aurkeztu zuen. Nabarmendu zuenez, akordio programatikoan jasotzen diren puntuetako bat da euskararen egoeraren diagnostiko oso eta eguneratua egitea, bai eta plan estrategiko, errealista, bideragarri eta eraginkor bat diseinatzea ere legealdi honetarako.
Bestalde, Mikel Arregik Planaren zeharkako izaera azpimarratu zuen, Gobernuaren departamentu guztiei eta gizarte-bizitzaren arlo guztiei zuzendurik baitago. Plana “gizartearen parte-hartzean funtsatuko da”, eta, ildo horretatik, alderdi honi errepararazi zion: “prozesu honek dakarren aukera, oraindaino inoiz ez baita bildu, Gobernuak deiturik, Nafarroako arlo guztietako hainbeste ordezkari euskararen egoeraren diagnostikoa eraiki eta egoera hori hobetzeko neurriak proposatzeko”.
Atzo gauzatutako saioak 95 parte-hartzaile bildu zituen, arlokako zortzi mahai teknikotan banandurik aritu zirenak: politika publikoak, hezkuntza, helduen euskalduntze-alfabetatzea, euskararen ezagutza handiko eta erabilera orokorturiko guneak, hedabideak, gizarte erakundeak, arlo sozioekonomikoa eta, azkenik, kultura, kirola, aisialdia eta teknologia berriak. Mahai teknikoen lana Euskarabideko teknikariek eta Elhuyar Aholkularitza enpresako teknikariek zuzendu zuten; enpresa hori izan zen Euskararen Plan Estrategikoa idazteko laguntza teknikoa emateko lehiaketan esleipendun atera zena.
Atzoko bileraren ondotik, heldu den 27an, mahai teknikoek bigarren lan saioa eginen dute. Plan Estrategikoaren zirriborroa irailerako apailaturik egongo dela aurreikusten da. Orduan, jendaurrean jarri eta jendeak parte hartzeko prozesua irekiko da, eta abenduan, behin betiko bertsioa aurkezten delarik, buruturik geldituko da prozesua.