Albisteak
Euskarabideak 80.000 euroko diru-laguntza emanen du eremu pribatuko lantokietan euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko
Bigarren urtea da mota horretako laguntzak ematen direla, eta aurten handitu da kopurua euskara planen prestaketa eta garapena ere laguntzeko.
Foru Komunitateko eremu pribatuko lantokietan 2018. urtean euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko diru-laguntza deialdia atera du Euskarabideak. 80.000 euro daude laguntza horien bidez banatzeko.
Bigarren urtea da mota horretako diru-laguntzak ematen direla, eta helburua da enpresa munduan euskara sustatzea. Hasiera batean, irudiarekin eta komunikazioarekin zerikusia duten alderdietara mugatu ziren laguntzak: kartelak eta errotuluak, harrerako elementuak eta idatzizko komunikazioa, irudi korporatiboa, web-orriaren hizkuntza-egokitzapena edota jarduera profesionalaren inguruko prestakuntza. Aurten, horiez gain, enpresetan euskara planak abiatzea, eta ekintza konplexuagoak planifikatzea ere lagunduko dira.
Deialdian hiru diru-laguntza eta kopuru desberdin ezarri dira, enpresek hizkuntza-plangintzan egindako ibilbidearen arabera:
- Lehenengo hizkuntza plana sortzeko, 30.000 euro.
- Euskara plan batean oinarritutako urteko plangintza gauzatzeko, 35.000 euro.
- Euskara planik gabe gauzatu beharreko ekintza solteak laguntzeko 15.000 euro.
2018ko urtarrilaren 1etik 2018ko urriaren 31 bitarteko jarduerek izanen dute laguntza jasotzeko aukera, eta eskaeretarako epea berriz apirilaren 3an amaituko da.
Informazio guztia eskura dago www.navarra.es web-orriaren zerbitzuen katalogoari dagokion fitxan .