Albisteak

Euskaltzaindiak 12 ohorezko euskaltzain berri izendatu ditu

2014-07-22

Ostiralean, uztailaren 18an, izendatu dituen azken ohorezko euskaltzainei diplomak eman dizkie Euskaltzaindiak. Ekitaldia Akademiaren Bilboko egoitzan

Maiatzaren 30ean, Euskaltzaindiak Donostian egin zen osoko bilkuran, 12 ohorezko euskaltzain berri izendatu zituen. Hauek dira: Paulo Agirrebaltzategi, Angel Aintziburu, Dionisio Amundarain, Xabier Amuriza, Xipri Arbelbide, Antonio Campos, Maite Idirin, Mixel Itzaina, Jon Landaburu, Joan Martí, Martin Orbe eta Manu Ruiz Urrestarazu.

Euskaltzaindiak aldiro-aldiro izendatzen ditu ohorezko euskaltzainak, bere arautegiaren arabera, euskarari egindako mesede bikainengatik. Azken izendapena 2010ean egin zen.

Gaur egun, Euskaltzaindiak 39 ohorezko euskaltzain ditu.

 

 

Angel Aintziburu Kamino. Luzaiden (Nafarroa) jaioa, 1930ean. Berak dioen bezala, zahar arrandan sartu zelarik hasi zen euskarari buruzko lanetan, lehenago familiako ardurak zirela eta, ez zuelako astirik izan. Bi libururen egilea da, bata Luzaiden gaindi Jean Baptiste Etxarrenekin batera idatzia eta bestea sorterriko kontakizunak biltzen dituen Luzaiden gaindi 2 izenburukoa.

Bildu dituen kontakizunak eta euskal kantak izaten ditu normalean hizpide kolaboratzen duen zenbait komunikabidetan, hala nola, Irulegi Irratian, Aezkoako Irati Irratian, Iruñerriko Euskalerria Irratian, Herria aldizkarian, etab. 778, 812 eta 824ko Orreagako gatazken kontakizunetako ekitaldietan ere parte hartu izan du.

Bere kontakizunen artean aipatzekoak dira gerra zibilaren garaian gertatutako aferak, bereziki Iruñeko San Cristobal gotorlekuko ihesaldikoak eta, horien artean, Luzaidetik pasatu ziren bi iheslariei buruzkoak. Aipatutako Luzaideko kontakizunez gain, jadanik etxe guztietakoak ere banan-banan bildu berriak ditu.

Gazte-gaztetik maite izan ditu euskal kantak eta gustuko izan du horiek biltzea, erakustea eta kantaldietan parte-hartzea. Herriko eskolan haurrei erakusten aritu izan da eta Euskal Herrian egiten diren kantaldietan ere kolaboratzaile ezaguna da, Auritzen, Ortzaitzen, Urepelen, eta azkeneko urtean Luzaideko Peio Betan egindakoan. Luzaideko dantzen alde ere lanean aritua da.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora