Albisteak
Baterako proiektu batean parte hartuko du Nafarroak, euskararen adierazle sistema bat egiteko
Euskal Autonomia Erkidegoko eta Frantziako entitateek ere parte hartuko dute programan, helburu izanik jakitea zein den euskararen errealitate soziala hiru lurraldeetan.
Euskararen adierazle sistema bat egiteko proiektu batean parte hartuko du Nafarroak; Euskal Autonomia Erkidegoko eta Frantziako entitateek ere parte hartuko dute programan, helburu izanik jakitea zein den euskararen errealitate soziala hiru lurraldeetan.
Zehazki, proiektu honetan Eusko Jaurlaritzarekin, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiekin eta Akitaniako (Frantzia) Departamentuarekin batean ariko da lanean Nafarroa, Euskararen Erakunde Publikoaren bidez.
Horretarako, Nafarroako Gobernuak onetsi du EAS (Euskararen Adierazle Sistema) Mugaz Gaindiko Lankidetza Hitzarmena sinatzea entitate horiekin. Lankidetzarako Europako Programari (POCTEFA) aurkeztu zaio proiektuaren finantzaketa, eta duela gutxi gorabehera urte bat hasirik, aurreikusia dago maiatz-ekainean ebaztea.
Aurrekontua, guztira, 598.488 euro da. Zenbateko horretatik 389.017 euro Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) ematea espero da. Nafarroari dagokionez, 2016rako eta 2017rako aurrekontua 91.375 euro da, eta aurreikusitako diru-sarrera 59.394 eurokoa, EGEFen ekarpenari dagozkionak.
Adierazleek elementu amankomunak izanen dituzte hiru lurraldeetan, eta honako hauen gaineko datuak izanen dituzte, besteak beste: euskaraz dakiten pertsonen kopurua, erabilera soziala, hizkuntzaren jakite maila, ikasteko modua (haurtzaroan, eskola garaian, helduaroan), pertsonek kultur produkzioa eskuratzeko duten aukera, eta beste faktore batzuk. Inkesta eta udal errolden bidez datu horiek bildu ondoren, informazioa argitaratu eta lurralde bakoitzeko hizkuntza politiketan aplikatuko da.
Hauexek izanen dira jarduteko eremuak: identifikatzea zer adierazle linguistikok ahalbidetzen duten euskara bere lurralde osoan deskribatzea eta birbaloratzea; egitura bat taxutzea, ahalbidetuko duena tresna bat garatzea adierazle linguistikoen aplikazioa sistematizatzeko; proiektuaren emaitzak partekatzea eskualdeetako hizkuntzekin; eta adierazleak beren errealitate linguistikoetan aplika daitezela erraztea.
Epe luzean, plan honen helburua da sistema hau aplikatzea Europar Batasuneko beste eskualde batzuetako errealitate linguistikoan, eta, horretarako, Hizkuntza aniztasuna sustatzeko Europako sarea erabiliko da, Nafarroako Gobernua haren kide baita.
Gogoan izatekoa da 2012ko uztailean Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako kontseilariordeak lankidetzarako hitzarmen bat sinatu zutela, euskararen errealitate soziala ezagutzeko, eta proiektu honek segida ematen diola hari.