Albisteak

Aste honetako toponimoa

2013-06-05

KAPANABIZKAR

Udalerria.- Leotz (Iracheta)

Dok.- campanaricar (1892, CAT); capanavizcar (1892, CAT); camanarvisca (1901, CAT)
Ahoskapena.- kampanabixkár (1993, OR-C)
Izenaren azalpena.- ‘Etxolaren gainaldea’
Kapana oso hitz arrunta da Nafarroako toponimian, batez ere Iruñerrian eta Estellerrian. Kapana euskarazko hitza da, oraindik ere gaztelaniaz askok erabiltzen dutena. Jose María Jimeno Juriok kapana sasoiko txabola bezala azaltzen du, zuhaitz adar eta sasiez egina (zenbaitetan osagai sendoagoak erabili arren), mahastietako zaindarientzat egiten zirenak, batez ere abereak bertan sar ez zitezen. Hau da hitzaren oinarrizko eta jatorrizko esanahia, eta oraindik leku askotan horrela erabiltzen da; hala ere, toki frankotan (Añorben, esaterako, Iribarrenen esanetan, eta baita Utergan ere), mahastien toki ikusgarrienean jartzen den adaxkez apaindutako makil bat da, artzaiak ohartarazteko abereak bertan sar ez daitezen. Gaur egun mahatsondoen landaketak behea jo du inguru hauetan eta ondorioz ulergaitza egiten da zaindari berezi bat izanen zela mahastien zainketarako, eta harrigarria da toponimo honen ugaritasuna, ia ez baita ez duen herririk, baina kontuan hartu behar da mahastia landaketa garratzitsua izan dela berriki arte, inguru hauetara bezalakoetara zabaldua, egungo gusturako kalitate eskaseko ardoak ekoizten badituzte ere. Honek azaltzen du baita ardantze ‘mahasti’ formaren maiztasuna ere. Euskarazko hitza azken batean latinismo bat da, gaztelaniazko cabaña hitzaren jatorri berekoa. Benetan bitxiena da latinera berantiarrak euskarazkoak duen esanahi berdina omen zuela, Iribarrenek aipatzen dituen Las Etimologias de San Isidoro de Sevilla direlako glosetan jasotzen denez: “Tugurium parva casulla est, quam faciunt sibi custodes vinearum ad tegimen sui, quasi tegurium. Hoc rustici capannam vocant, quod unum tantum capiat", hau da, “Tugurioa etxetxo txiki bat da, mahastietako zaindariek eraikitzen dutena beren babeserako. Honi esaten diote nekazaiek capanna, persona bakarra sartzen ahal baita”. Etimologia jokuez aparte, nafar herri askotan emandako esanahia ia berdina da. Latin berantiarrean, Corominasen arabera, ziurrenik zeltismo bat da.
 
Nafarroako Toponimia Ofizialeko lotura.-

toponimianavarra.tracasa.es/ficha.aspx

facebook
0
twitter

Atzera
Gora