Albisteak

Aste honetako toponimoa

2012-12-04

KINTOA / QUINTO REAL

Udalerria.- Erro
DOK.- Quinto Real (1787, AGN LR L.3 C.2)
OHARRAK.- Estatuaren antzinako mendia teknikoki eta administratiboki 1974tik aurrera Nafarroako Foru Diputazioak kudeatzen duena; honek 1987an eskuratu zuen jabetzaren titularitatea. Mendi honen historia ez da behar adina ezagutzen, hainbat lan argitaratu badira ere. Argi asko dagoena da mendi honetako bazkalekuen erabilpenak gatazka larriak eragin zituela Erroibar eta Baigorriko baxenafartarren artean, batez ere XVI. mendetik aurrera. 1505ean Baztan partaide izatera pasatu zen Alduide mendian bere abereekin, Errorekin fazeriarako ezarrita zuen betiereko hitzarmen baten ondorioz. Saiakera franko izan ziren gatazkak konpontzeko, mugak zehazteko eta mugaketak egiteko. Hala ere, 1856an Mugen Tratatuaren bidez nazioarteko muga ezarri arte, liskarrak etengabekoak izan ziren. Muga hau berezia da ez dielako tontorrei eta lepoei segitzen, lerro zuzenean baitoa. Iparraldeko isurialdea Baigorriko herritarren erabilpenerako da betiereko errenta ordainketa baten bidez, Baztango Ibarrari (%48) eta Errori (%52) ematen dena. Hegoaldeko isurialdera Baigorriarrek abere-sailak bidaltzen ahal zituzten Errorekin fazeriarako hitzarmenak sinatu ondoren. Azkenik, Tratatuak pasatzeko askatasuna zehazten du, Aldude baxenafarrean barna, Baztandik Orreagara doazen abere-sailentzat, eta alderantziz. Mendiaren jabetzaren gainean Baztan eta Errok Estatuarekin izandako liskarrak ibarrek eskubide eta erabilpenari uko egindakoan amaitu ziren, ordainetan, jabetza osoan izanen ziren Erregerena mendiko 576 Ha. Baztanentzat eta Kintoko 616 Ha. Errorentzat.
Izenaren azalpena.- Izendapen ofiziala Kintoa / Quinto Real bada ere, Aldude edo Alduides izen historikoaz ezaguna izan da. Badirudi Quinto Real izendapenak Nafarroako erregetzari ordaintzen zitzaion zerga sistema zahar bati erreferentzia egiten diola, bazkatze garaian erret mendietan sartzen zen txerri abere arrotzen gainekoa. Erroibartarrak salbuetsita zeuden.
Toponimia Ofizialaren lotura.- toponimianavarra.tracasa.es/ficha.aspx

facebook
0
twitter

Atzera
Gora