Albisteak

Aste honetako toponimoa

2012-08-02

AZAGRA

Udalerria.- Azagra
DOK.- Açaffra, Rodrigo de (1155, NEN); Açagra, Azacra, Azagra(SS. XI-XII, NEN); Azagara (1055,1056, NEN).
Oharrak.- Etxeetan mandoak, behiak, zerria, ardia eta ahuntza hazten ziren. Ehiza eperra eta galeperra izaten zen, eta Ebron arrantza ugari. Industria zen irin errota bat ibai bazterrean, beste bat oliba eho eta olioa erdiesteko, eta etxeko oihal-ehundegiak (MADOZ: dic., III, 206).
XVI.etik XVIII.era bitarte otso ugaltze batek arriskutan jarri zituen abereak eta jendeak hiri honetan eta inguruko besteetan. Hainbestero ehiza aldiak antolatzen ziren haiek suntsitzeko.
Historia.- Hiriaren izenak musulmanen aginte denbora gogorazten badigu ere, zenbait mende lehenago Argadielen nolabaiteko jendegune bat izan zen, agian erromatarren “villa” bat, zenbait arrastok salatzen dutenez: eraikin hondar batzuk, askotariko zeramika eta gauzakiak, tegulak, garai inperialeko monedak, eta San Estebango ermita ondoko mosaiko bat, 60. urteetan desegina.
Mairuek okupatu zuten, eta seguraski Antso Handiak berreskuratu eta mugako soldadu gotorleku inportantea bihurtu zuen. Erregeren manupeko hiria, bertako nekazariek petxa ordaintzen zioten erregeri urtero diru kopuru bat, “meitadenco” motako ogia (garia eta garagarra) eta beste eskubide batzuk. Karlos Nobleak Peralta leinuko bere kontseilari bati eman zion haien parte bat, eta parroki elizaren patronatoa Piarres de Peralta zaharrari (1408). Agramontarren eta Beaumontarren arteko gerra zibilen ondorioz, Piarres de Peralta jabetu zen hiriaz (1467), eta haren alargunak Katalina erreginari eman zion (1504). Peralta leinuan gelditu zen, eta Falcesco markesak izan ziren hiriaren jaunak eta jurisdikzio zibil eta kriminalaren jabe, berek izendatutako alkate baten bitartez.
Etimologia.- Jatorriz arabierazko izena duen hiria, “Haitza” esan nahi duena, herria haitz baten azpian aurkitzen baita. Haren tontorrean erdi aroko gaztelua zegoen, harik eta 1874ko uztailaren 21ean, goiz aurretik, trajedia gertatu zen arte: Gaztelua lurreratu eta familia osoak azpian hartu zituen.
 
Toponimia fitxa toponimianavarra.tracasa.es/ficha.aspx

facebook
0
twitter

Atzera
Gora