Albisteak
Akordioan eta bizikidetzan oinarrituta berezko hizkuntzak bultzatzearen alde azaldu da Euskarabidea
Horrela islatu dute Nafarroako, Kataluniako, Euskadiko, Galiziako, Balear Uharteetako eta Balentziako hizkuntza politiken arduradunek sinatu duten adierazpen batean Lankidetza Hitzarmenaren jarraipen batzordearen topaketan
Euskadiko, Nafarroako, Galiziako, Kataluniako, Balear Uharteetako eta Valentziako Erkidegoko gobernuek parte hartzen duten hizkuntza-politikaren arloko lankidetza Protokoloaren Jarraipen Batzordean parte hartu du gaur goizean Bilbon Euskarabideko zuzendari kudeatzailea den Mikel Arregik
Saioan beren komunitateetako hizkuntza-politiketarako interesgarriak diren hainbat gai jorratu dira, bai eta beren hizkuntzak sustatzeko ekintzak diseinatzea eta koordinatzea ere. Bilkura horretan, hizkuntza koofizialak dituzten sei autonomia erkidegoetako gobernuek adierazpen bat adostu dute, eta bertan "hizkuntza politika eraginkor baten alde lanean jarraitzeko konpromisoa" azpimarratzen dute, "akordioa eta hizkuntz bizikidetza" oinarri hartuta.
Bertan izan dira, Mikel Arregirekin batera, Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea; Valentin Garcia, Galiziako Xuntako Hizkuntza Politikarako idazkari nagusia; Ester Franquesa, Kataluniako Generalitateko Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia; Agustina Vilaret, Balear Uharteetako Gobernuko Unibertsitate, Ikerketa eta Hizkuntza Politikako idazkaria; eta Rubén Trenzano, Valentziako Generalitateko Hizkuntza Politikako eta Eleaniztasunaren Kudeaketako zuzendari nagusia.
Hizkuntza-politika eraginkorra eta hizkuntza-bizikidetza
Ekitaldi berean, ordezkari autonomikoek Bilboko Adierazpena adostu dute, eta gogorarazi dute "eleaniztasunaren, elkarrekiko errespetuaren eta ahultasun handieneko egoeran dauden hizkuntzen aldeko ekintza irmoaren ikuspegia partekatzen" dutela. Testuak nabarmentzen duenez, "hizkuntza propioak dituzten gobernu autonomikoek, sentsibilitate eta aukera politiko desberdinetatik abiatuta lan egiten dugu, eta errealitate oso desberdinetan jarduten dugu, baina aniztasun horrek ez digu inolako oztoporik jartzen arazoak antzemateko eta konponbiderako proposamenak elkarrekin adosteko, hain zuzen ere, sinetsita gaudelako hizkuntzen eta hiztunen arteko bizikidetza, elkar ezagutzea eta aitortzea, bai eta elkar aberastea ere, demokrazia sakonenaren isla direla".
Aldi berean, erakundeetatik hizkuntza politika eraginkor batean lan egiteko konpromisoa adierazi dute, akordioan eraikita eta bizikidetza linguistikoa eta soziala helburu izanda.
Lankidetza Protokoloa
2007an, Eusko Jaurlaritzak, Kataluniako Generalitateak eta Galiziako Xuntak hizkuntza-politikaren arloko lankidetza-protokolo orokorra sinatu zuten, eta, ondoren, Balear Uharteetako Gobernua eta, 2017an, Valentziako Generalitatea eta Nafarroako Gobernua atxiki zitzaizkien. Hizkuntza propioa duten eta ofizialtasun-estatusa duten autonomia-erkidego guztien lehen lankidetza-esparrua da, dagozkien autonomia-estatutuetan ezarritakoaren arabera.