Albisteak

Adimen artifizialaren erronka berrietan euskararen presentzia bermatzeko ekimen batean parte hartu du Nafarroak, ahots-banku digital bat sustatuz

2023-10-02

Euskarabideak bere ahotsa grabatzera animatzen ditu herritarrak, gaitu.eus atarian euskara irakasteko

Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak ("Hiruko Ituna" osatzen duten erakundeak) "Gaitu" izeneko kanpaina jarri dute abian, ahozko datu-masa handia behar duten makina eta teknologia berriei euskara irakasteko, hizkuntza gutxituek ere esparru horietan beren tokia bermatuta izan dezaten, egunero erabili ahal izateko. "Batu ditzagun gure ahotsak/Unamos nuestras voces" lelopean, euskal hiztunei gaitu.eus atarian sartzeko eskatzen zaie, beren ahotsa grabatuz, euskal hizkuntza eta kultura garatzen laguntzeko. Zenbat eta ahots eta grabazio gehiago, orduan eta zabalagoa izango da teknologia berriek erabili ahal izango duten datu-basea. Egungo teknologiek testu eta ahozko datu-masa handiak eskatzen dituzte, eta beharrezkoa da euskararen presentzia eremu digital horretan ere bermatzea, ideiaren sustatzaile guztiek nabarmendu dutenez.

Kanpaina gaur goizean eman da ezagutzera, Donostiako Tabakalera zentroan antolatutako ekitaldi batean. Bertan parte hartu dute Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak; Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak; eta euskararekin eta teknologia berriekin lotutako eragileek; Librezaleak eta Bagera elkarteko kideek, besteak beste.

Ana Ollorekin batera, Javier Arakama Euskarabideko zuzendari kudeatzailea izan da aurkezpenean. Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariordeak proiektu honen eta Euskarabideak euskararen eta teknologia berrien arteko harremanak estutzen laguntzeko dituen lan-ildoen arteko koherentzia azpimarratu du. Izan ere, "gure departamentuaren plangintza estrategikoan, hasiera-hasieratik ezarri zen lehentasunezkoa zela informazioaren eta komunikazioaren teknologiak euskararen berezko garapen-nitxo natural bihurtzea, euskararen eta modernitatearen arteko lotura estutzeko estrategia gisa", esan du. Eta, horrekin batera, beste adibide batzuk aipatu ditu: "Sarean euskaraz" proiektua, aurten zazpigarren edizioa beteko duena (urriaren 10ean eta 11n); "Euskara aleka" eta "Euskararen oihartzunak" podcastak; "Mattin eta Kattalin" haurrentzako bideo bilduma; eta Wikipedia entziklopedia birtualarekin egindako lana.

Gaur goizean aurkeztutako ekimenari erreferentzia eginez, Ollok azaldu du gaur egun, "euskarak hizkuntzaren teknologien erronkei aurre egiteko, funtsezkoa dela administrazio publikoen bultzada eta herritarren inplikazioa, kasu honetan bezala. Helburua euskal hiztunen komunitateak Gaitu proiektua bere egitea da. Izan ere -gaineratu du-, jendeari esker gauzatuko da egitasmo hau. Administrazio publikoen zeregina herritarrak parte hartzera bultzatzea eta parte-hartze hori erraztea da ", azaldu du bere hitzaldian.

Bingen Zupiria sailburuak, bestalde, adierazi du hizkuntza gutxituak ez daudela enpresa teknologiko handien asmoetan eta "euskara guk geuk sartu behar dugula mundu digitalean". Horixe da, hain zuzen ere, "Gaitu" kanpainaren helburua; milaka ahots lortzea, milaka ordu euskaraz. Teknologiak hizkuntzarekin "lotura zuzena" duela erakusten duten eguneroko bizitzako adibideak aipatu ditu sailburuak: sakelakoari emandako ahots-aginduak; pertsona jakin bati deitzekoak; ibilgailuko nabigatzailearen jarraibideak edo etxeko gailuei emandako aginduak. "Makinek gure hizkuntza ulertzeko eta hitz egiteko, lehenengo irakatsi egin behar diegu", ziurtatu du Zupiria sailburuak.

Nola euskaldundu Alexa edo Siri ahots-laguntzaileak

Helburua euskarazko ahots publikoen banku bat sortzea da. Euskararen egungo erronketako bat adimen artifiziala gaitzea da, euskaldunek makinekin beren hizkuntzan elkarreragiteko aukera izan dezaten. Dagoeneko badaude herritarrekin hizkuntza nagusietan erlazionatzen diren makinak. Giza ahotsa ulertzen duten ezagunenetako batzuk aipatzearren: Alexa, Googlen Assistant, Siri edo Cortana. Eta hori posible da makinei hizkuntza horiek ulertzen irakatsi eta entrenatu egin zaielako.

Gainera, makinekin elkarreragitea gero eta ohikoagoa da; udaletxera edo osasun etxera informazioa edo hitzordua eskatzeko deituta edo aseguru etxean parte bat emateko hots eginda makinekin hitz egin behar izaten dugu. Makinak horiek hizkuntza nagusiak ulertzeko trebatu dira, eta entrenamendu horretarako ahots-banku handiak behar izan dira. Horiei esker ikasi dute makinek giza ahotsa ezagutzen. Makinek euskaldunek nola hitz egiten duten ikas dezaten eta euskara ulertzeko gai izan daitezen, ahots asko eta askotarikoa behar dituzte. Horixe da, hain zuzen ere, ahots-banku publiko bat, eta ezinbestekoa da euskarazko aplikazioak garatu nahi dituzten teknologia-enpresek sarbidea izan dezaten, hizkuntza nagusietan gertatzen den moduan. Helburua ahots asko eta oso ezberdinak lortzea da. Izan ere, lortzen diren ahotsak zenbat eta desberdinagoak izan, orduan eta hobeki ulertuko dute euskara makinek.

"Ziber auzolan" erraldoi honetan parte hartzeko, gaitu.eus atarian sartu behar da. Bertan, plataformak esaldiak eskainiko dizkie erabiltzaileei, haien ahotsarekin grabatu ditzaten. Plataforma adin nagusikoei zuzenduta dago eta zenbat eta ahots gehiago lortu, orduan eta hobeto.
Egitasmoa hau "Common Voice" nazioarteko egitasmoari esker abiatu da. Ekimen irekia da, irabazi asmorik gabekoa, elkarlanekoa. Common Voiceren ahots ekarpenak 105 hizkuntzatan egiten hasi dira eta ia beste horrenbeste hizkuntzatan prestatzen ari dira.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora