Albisteak

12.000 euro bideratuko ditu Nafarroako euskarari buruzko ikerketa linguistikoetarako

2020-10-09

Aurten kategoria berri bat izanen da lehiaketan: soziolinguistika modalitatea

Nafarroako Gobernuak, hirugarrengo urtez jarraian, Nafarroako euskarari buruzko ikerketa linguistikoetarako lehiaketaren deialdia zabaldu du; guztira, 12.000 euro bideratuko ditu horretarako. Deialdi honen xedea dira Nafarroako euskarari buruzko ikerketa linguistikoak, lexikografia, dialektologia, toponimia eta soziolinguistika arlokoak, ikerketa lan horien hedapena sustatzeko.

Bi modalitatetan emanen dira hizkuntza-ikerketarako sariak: dialektologia, lexikografia eta toponimia –Nafarroako euskara aztertzen duten lanak-, eta soziolinguistika –Foru Erkidegoko soziolinguistikari buruzko proiektuak-. Modalitate bakoitzean puntu gehien lortzen duten lanak izanen dira garaile, eta 6.000 euro jasoko du bakoitzak.    

Banaka edo koordinatzaile batek ordeztuko duen lantaldeak eratuz parte hartzen ahal izanen da lehiaketan, eta lanek argitaragabeak izan beharko dute, edizio elektronikoetan zein paperezkoetan. Gaztelaniaz edo euskaraz idazten ahal izanen dira.  

Hautagaitzak 2020ko urriaren 31ra bitarte aurkezten ahal izanen dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazirik dauden tokietako edozeinetan.

Euskarabidea-Nafarroako Euskararen Institutua arduratuko da aurkezturiko lanak kudeatzeaz eta baloratzeaz, bere egitekoen artean baitago euskararen terminologia, dialektologia, lexikografia, toponimia eta egoera soziolinguistikoaren eremuetan jardutea.

Irabazleen lanak liburu euskarrian argitaratuko dira

Ikerlanak liburu euskarrian argitaratu beharko dira 2021eko ekainaren 30a baino lehen. Hala, Euskarabideak bere datu-basean duen Nafarroako euskarari buruzko materialen bilduma mardula aberasten jarraituko da. Material horiek euskarabidea.es webgunean eta Nafarroako Mediateka funtsean (mediateka.eus) kontsulta daitezke.

Urtero egiten den lehiaketa honen aurreko edizioan Josune Aznarezen Uskararen eleak / Las palabras del uskara eta Patziku Perurenaren Leitzako bordak, sorreran (1557 – 1965) lanak izan ziren garaile. Nafarroako Gobernuak bi lanak argitaratu eta aurkeztu zituen.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora