Albisteak

“Aukera Galdurik? Ez horixe! Ikasi euskara”, helduen artean hizkuntza hau ikastea sustatzeko kanpaina berria

2019-10-23

6.000 heldu baino gehiago matrikulatu ziren euskara ikasteko ikastaroetan iaz Nafarroan

Nafarroako Gobernuak, 33 toki erakunderen eta euskaltegi publikoen eta gizarte ekimenekoen lankidetzarekin, “Aukera Galdurik? Ez horixe! Ikasi euskara” kanpaina jarri du martxan, helduen artean euskararen ikasketa sustatzeko, Nafarroan banaturik dauden ia 30 ikastetxeetan izena emateko epearen hasierarekin bat etorriz.

Kanpaina, Nafarroako Gobernuaren, Euskarabidearen bitartez, Zubiarte euskaltegi publikoaren eta hizkuntz eskola ofizialen, toki erakundeen eta gizarte ekimeneko AEK eta IKA euskaltegien lankidetza duen baterako ekimena da.

Kanpaina gaur aurkeztu dute prentsa aurrekoan Mikel Arregi Euskarabideko presidenteak, Sabina García Izarbeibarko Mankomunitateko presidenteak eta gizarte ekimeneko AEK eta IKA euskaltegien izenean aritu den Xabi Gartziak. Kanpaina irail osoan eramanen da aurrera, sare sozialen, Nafarroan argitaratzen diren edo Nafarroarako edizioa duten egunkari inprimatuetan jarriko diren iragarkien, Nafarroako irrati kateetan emanen diren iragarkien eta Nafarroako tokiko aldizkarien bitartez.

Aitorturiko eskubidea

Mikel Arregi Euskarabideko zuzendari gerenteak adierazi duenez, “Nafarroako herritarrek euskara ezagutzeko eskubidea dute, eta hor jartzen dugu Euskarabidearen konpromisoa, eskubide hori nafar guztiei bermatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuz”. Alde batetik, adierazi duenez, “eskaintza publikoa handituz, gizarte ekimeneko euskaltegiek egiten duten lan bikainari lagunduz eta, bertze aldetik, Nafarroako hizkuntza hori ikasten duten pertsonei laguntza ekonomikoak emanez”. Horregatik, adierazi duenez, “horrelako ekintzak funtsezkoak dira euskararen ikasketa sustatzeko, eta kanpaina honetan ikusten dugun bezala, oso erakargarria izan daitekeen aukera da”.

Bere partetik, euskararen sustapenean tokiko entitateek duten papera goraipatu du Sabina Garcíak. “Sarean eta modu koordinatuan lan egiten dugu, geroz eta asmo handiagoko proiketuetan, herritarren eskari eta beharrei erantzuteko”. Zentzu honetan, gogoratu du duela hogei urte hasi zirela herritarrak animatzeko kanpaina informatiboak egiten.

AEKko ordezkaria den Xabi Gartziak azaldu du gizarte ekimeneko euskaltegiek ilusioz ekiten diotela kurtso berri honi, izan ere, “pozgarria da Nafarroako Gobernuarekin batera lankidetzan jarraitzea, Euskarabidearen bidez”.

Informazioa eta laguntzak

Bigarren urtez, Nafarroako Gobernuak, 2019-2020 ikasturtean euskara ikasi behar duten helduei zuzendutako deialdia jarri du martxan. 150.000 euroko zuzkidura izanen duen kanpainaren bitartez, ikastaro estentsiboak eta intentsiboak, barnetegiak eta auto-ikasketa ikastaroak egitea lagunduko da. 2018an, 600 pertsona inguruk eskuratu zituzten laguntzak.

Laguntzak eskatzeko epea urriaren 1etik 31ra egonen da irekita, eta hala nahi duten herritarrek, ikastetxe publikoei eta gizarte ekimenekoei, laguntzei eta udalerriei buruzko informazioa aurkitu ahal izanen dute webgune honetan.

Irailean, telefono bidezko arretarako 012 zerbitzuak ere aipaturiko eskaintzari eta laguntzei buruzko informazioa emanen du, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 19:00etara.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora