Albisteak

Euskarabideak Euskararen bigarren Plan Estrategikoaren zirriborroa aurkeztu die Nafarroako Gobernuko departamentuei

2021-09-28

Euskarabidearen Gobernu Kontseiluak Departamentuetako planen egoeraren berri ere eman du ezagutzera

Nafarroako Gobernuko departamenduek Euskararen Bigarren Plan Estrategikoaren proiektuaren berri izan dute gaur goizean Euskarabidearen Gobernu Kontseiluaren bileran, Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria eta Mikel Arregi Euskarabidearen zuzendaria buru zirela.

Proposamenak Lehen Planaren eredu estrategikoa hartzen du abiapuntutzat, eta honako ardatz hauetan egituratuta dago: euskararen erabilera soziala; hiztun berriak; herritarrei arreta euskaraz emateko zerbitzu publikoak hobetzea, haien hizkuntza-eskubideak bermatuz; euskara sustatzeko adostasun soziala indartzea; eta euskararen erabilera garatzea eremu sozioekonomikoan.

Helburu espezifikoak 42 dira, eta 201 proiektutan zehazten dira. Jarraipena egiteko, 30 adierazle identifikatu dira guztira. Administrazio publikoek hizkuntzen erabilera eta garapena dela-eta, beharrezkoa da sailen arteko lankidetza; beraz, sailei informazioa eman ondoren, ekarpenak egiteko aldi bat irekitzen da, garatzen dituzten eskumenekin zerikusia duten planeko alderdiei dagokienez.

Hizkuntza-planak

Bileran Euskarabidearen Gobernu Kontseiluari jakinarazi zaio, halaber, Nafarroako administrazio publikoetan euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuaren 6. artikuluan ezarritako departamentuetako Hizkuntza Planak onartu ondoren, ezarritako helburuak betetzeko urratsak egiten ari direla.

Helburu horiek honako hauek dira: departementu bakoitzean herritarrei arreta emateko lehentasunezko unitateetan euskara eskatzen duten lanpostuen beharrak aztertzea, eta lehen erantzuna aurrez aurre edo telefonoz emateko aholkuen zerrenda egitea.

Inprimakiak, formularioak eta webguneak ere aztertzen ari dira, herritarrei idatzizko informazio elebiduna, digitala zein paperezkoa eskaintzeko eta euskarazko edukiak areagotzeko. Azkenik, egoitzen errotulazioari buruzko azterlan bat ere egin da, errotulazioa elebiduna osatzeko.

 

facebook
0
twitter

Atzera
Gora