Albisteak

Nafarroako Gobernuak "Eleaniztasunarekin urruti iritsiko zara" kanpainarekin, aurten ere bat egin du Hizkuntzen Europako Egunarekin

2020-09-11

Gazteak ardatz hartuta, hizkuntza-aniztasuna, eleaniztasuna eta Europako hizkuntzen ezagutzaren balioa nabarmendu nahi ditu

Nafarroako Gobernuak erabaki du bigarren urtez jarraian bat egitea irailaren 26an ospatuko den Hizkuntzen Europako Egunarekin, "Eleaniztasunarekin urruti iritsiko zara" kanpainarekin. Helburua da hizkuntzen ezagutzari balioa ematea eta, batez ere, herritar gazteak sentsibilizatzea hizkuntza-aniztasunari buruz, kultura-aberastasuneko elementu gisa, eta herritarrak motibatzea berezko zein atzerriko  hainbat hizkuntza ikastera.

Gaur hasi da kanpaina, Pamplona / Iruñan informazio-stand bat jarriz eta horma-irudi bat eginez. Irailaren 26ra arte Nafarroako hainbat herritan ibiliko da, hala nola Sangüesa / Zangozan, Aoiz / Agoitzen eta Tafallan, besteak beste. Horietan ere horma-irudi bana bat eginen dute, hegal batzuen itxura hartuko duten hainbat hizkuntzatako hitzek osaturik. Kale-ekintza horiez gain, irratiaren, prentsa digitalaren, kartelen eta sare sozialen bidez hedatuko da kanpaina.

Kalean eginen diren ekintzen xedea herritarren eta horma-irudien arteko elkarrekintza da, argazkiak eginez eta ondoren sare sozialetan partekatuz. Aurtengo kanpainak Nafarroako gazteei begiratuko die bereziki, eta haren protagonista Luna izanen da, Baloreak musika-taldeko nafar kide gaztea. I

Nafarroako Gobernuak, Euskarabidea-Nafarroako Euskararen Institutuaren bitartez, bat egiten du ekimen komun honekin, eta herritar guztiei dei egiten die hizkuntz eta kultur dibertsitatearen ospakizun honetan parte hartzera.  

Hizkuntzen Europako Eguna

Irailaren 26a da Hizkuntzen Europako Eguna, 2001ean sorturiko Europako Batzordearen eta Europako Kontseiluaren ekimena, eta 47 herrialdetako 800 milioi herritar ordezkatzen dituena. Urtero egiten da, berezko 200 hizkuntza baino gehiago dituen Europako kontinentearen hizkuntz aniztasuna goratzeko.  

Europar Batasunak (EB) 24 hizkuntza ofizial ditu, estatu kideetako ofizialen artean, baina Europako hizkuntzen multzoan badira ere beste 60 inguru, estatu kideetako hizkuntza ofizialak ez izan arren nolabaiteko aitortza eduki dezaketenak, baita beren lurraldeetan ofizialak izan ere. Europar hizkuntzez gain, kontuan izan behar dira munduko beste toki batzuetatik heldu diren hizkuntza ugariak, Europako gizartearen errealitate eleaniztunaren osagai direnak.    

Hizkuntzen Europako Egunaren karietara, nazioetako antolakundeek, EBko erakundeek, EUNIC sareak (European Union National Institutes for Culture) eta Europako Kontseiluak adin guztietarako programa bat sortu dute elkarlanean, askotariko jarduerak dituena. Programa horretan kulturaren eta hizkuntzen arloetan interesa duen erakunde eta elkarte anitzek parte hartzen dute, unibertsitateek eta ikastetxeek adibidez. Egitarauaren barnean, besteak beste, hizkuntz ikastaroak, jolasak, solasaldiak, hitzaldiak eta irratsaioak eginen dira Europa osoan, irailaren 26an bertan eta data horren inguruko astean.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora